Erleak laborategietan
2006/10/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Bi ikerketak ekarri dute erleei buruzko informazio berria azkenaldian, eta bien emaitzak batera argitaratu dituzte Nature eta Science aldizkarietan. Alde batetik, erlearen genoma deskodetzeko proiektu handia bukatu dute. Beste alde batetik, anbaretan harrapatutako erle fosil bat aztertu dute, eta intsektu horien eboluzioari buruzko datu berriak jakin ahal izan dituzte.
Bietan proiektu handiena erlearen genomarena da. 10.157 gene ditu, eta, horiekin batera, geneen jarduerak kontrolatzen dituzten erregulazioguneak. Hori guztia aztertzeko, 170 zientzialarik hartu dute parte proiektuan, eta oso gauza interesgarriak aurkitu dituzte; esate baterako, erregulazioguneek garrantzi handia dutela erlearen jokabide sozialean. Bestetik, hainbat gene garrantzitsu aurkitu dituzte, besteak beste, usaimenaren hartzaileak kodetzen dituztenak eta erregina-jelea sortzeko erabiltzen dituztenak.
Beste ikerketak istorio bitxia du: Birmanian aurkitu zuten fosila, eta zientzialari batzuek erosi egin zuten. Erosi ondoren, fosila aztertu eta konturatu ziren ezagutzen den polinizatzaile zaharrena dela. Erle baten eta liztor baten arteko nahastea ematen du fosilak: erdiko hanka-bikoteak liztor batena dirudi, baina iletxoak ditu, erle baten antzera. Zientzialarien arabera, duela 100 milioi urteko loreen polena jasotzen zuen; alegia, orain arte ezagutzen den polen-jasotzaile zaharrena baino 40 milioi urte lehenagokoa da.
Argazkia: Jeff Pettis