Erle bakartiak
1988/04/01 Ostolaza, Helena Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erle bakartiek, zeregin garrantzitsuenetarikoak betetzen dituzte sistema ekologikotan; landare landatu eta basa-landareen poleneztapenean bereziki. Izan ere, munduko zenbait lurraldetan, nekazariak kultibo-landareen poleneztapenerako erle bakartiak egokitzeko neurriak hartzen hasi dira; alpapa moduko uzta-landareak ez bait dituzte ezti-erleek ondo poleneztatzen.
Dirudienez erleak, buztin-liztor eta beste liztor bakartietatik eboluzionatu zuten Aro Kretazikoaren erdialdera (orain 100 milioi urte) landare angiospermoak Lurreko landaredi nagusi bilakatu zirenean. Gaur egun, erleak edonon bizi dira, ugaritasun eta espezie-dibertsitate handiena klima erdilehor eta epel-beroetan badago ere. Erle bakarti askoren kanpo-itxura orokorrak, liztor, euli eta erlastarraren antza handiagoa du erlauntz erlearena baino.
Beraien luzera, 1,5-46 mm bitartekoa da. Zenbait espezietakoek ez dute ilerik eta distiratsuak dira. Beste batzuk berriz, oso iletsuak dira. Zenbaitek itxura itsusia izan arren, badira guztiz politak ere; orkideo berdeetako erleak, esaterako. Ilean edo orban eta xingoletan, ortzadarraren kolore guztiak agertzen dira.
Erle bakartiak 9 familiatan bana daitezke: kolitido, Andrenido, Haliktido, Megakilido, Antoforido, Melitido, Oxeido, Fidelido eta azkenik, Apido izenekoetan.
Etxearen eraikuntza
Erle bakarzaleen habia eta inkubazio-gelaskak lurrazpian eraiki ohi dira; batez ere goizeko eguzkipean gelditzen den zolu lehor, biluzi eta soltean. Habitat hauetan, era berean, erleen senide diren inurri eta liztor bakartiak bizi dira. Zona egokietan, milaka habiaz osaturiko ohitura lurtardun erle bakartien kongregazioak aurki daitezke.
Emeek ez dute parte hartzen habiaren eraikuntzan, arraroa iruditzen bazaigu ere. Ezagututako habi kongregaziorik handienak 360.000 bat metro karratu betetzen zituen, Barysh ibai ondoan, Soviet Batasunean. Colletes Thoracicus erle minzkara izaten da gehienetan arazo hauen erantzulea, haren heldu-bizitza aktiboa seiren bat astekoa izaten delarik.
Zoluan habiatzen duten erleek espazio handia izaten dute beraien habitakuluak eraikitzeko. Baina ia urte osoan zehar, kumeen elikadurarako bildu duten ezti- eta polen-hornidura lurreko hezetasunetik eta organismo edafiko ugarietatik (bakterio, legamia, onddo, nematodo eta akaroetatik) babesteko ara-zoarekin topo egiten dute.
Zoluan bizi diren erle gehienek, jaraiakin iragazkaitzekin tapizatzen dituzte lurrazpiko inkubazio-gelaskak, hornitu aurretik. Erle hauek, eztenetik hurbil irekitako guruin abdominala (Dufour guruina) dute. Zenbait espezietan barrunbe abdominalaren ia erdia osa dezake. Guruinak, muzketa-usain lurrintsudun likido koipatsua gordetzen du. Espezie gutxi batzuek, landareen erretxina edo eta hosto-zatiak biltzen dituzte, inkubazio-gelaskak tapizatzeko. Fidelidoek eta basamortuetan soilik bizi den zenbait erlek, ez ditu gelaskak tapizatzen.
Erle bakarti gehienek honako iharduera dute: egunez hegan egiten dute elikagaiak bilduz, arratsaldez arrautza bat erruten dute (gero gelaska zigilaturik), ilunabarrean gelaska berri bat industen dute, eta azkenik gauez Dufour guruinak jariatua aplikatzen diote. Gelaska berria lehor eta prest egongo da hurrengo goizean anoak onartu ahal izateko. Erle hauek gau eta egun lanean ari dira, ia taigabe.
Lurrazpian bizi ez diren erleek, ez dute kumeak hezetasunetik babestu beharrik, eta seguraski horregatik, Dufour guruina txiki samarra dute. Megakilido gehienek, jadanik existitzen diren zulo edo habiak erabiltzen dituzte (zolu gainean kokatuak gehienetan) eta inkubazio-gelaskak lokatz, erretxina edo landare-hariz eraikitzen dituzte, edo eta zehatz ebakitako hosto eta petaloz.
Erasoei aurre egin behar
Erle bakartien eme gehienak, ezti-erle eta erlastarraren antzera beren burua defenda dezakete eztenaz ziztatuz, baina, haien pozoia ez da bortitza izaten. Erle bakartien habiek, oso pilaturik ez badaude behintzat, ornodun hondakariak ez dituzte erakartzen beraien hornidura eskasetara. Hau dela bide, erleek ez dute garatu tipikoa den ezten-erasoa.
Dena den, erle bakartien habiek batez ere mikroorganismo eta ornogabeen erasoak sufritzen dituzte. Era berean, erleek eraso hauek gainditzeko hainbat mekanismo garatu dute. Onddoak dira lurrazpian habia egiten duten erle bakartien etsairik garrantzitsuenak. Erleak gogoz lan egin behar du anoen prestaketa amaitu eta arrautza erruteko, sortuko den larbak alferrik galdu aurretik elikagaia jan dezan.
Sistemak ondo funtzionatzen du janarien artean legamia eta bakterio asko ez badago. Normalean, lore-nektarean dauden mikroorganismo hauek hornidurekin batera pilatuz joaten dira. Baina azukre-kontzentrazio handiegiak haien hazkuntza mugatu egiten du. Erle bakartietan, ezti-erleetan gertatzen denaren arabera, eztiaren soberako ura lurrindu egiten da loreen nektarea ezti bihurtuz doan heinean, erreakzio entzimatikoen laguntzaz.
Denbora luzean zehar, multzoka hornitzen zuten erle hauek kumeekin harreman gehiago ez zutela izaten pentsatu izan zen. Baina, gelaska bateko edukina onddo batez kutsatzen denean, erle amak gelaska zabaldu eta lurra pilatzen du bertan. Prozedura honek, onddoaren hazkuntzarako aire erabilgarria gutxiagotzen du, eta alboko gelasken infekzioari ekiditen. Lurrean bizi den zenbait espeziek urtero ondorengoen ia erdia infekzio fungikoaren kausaz gal badezake ere, egur, enbor eta pezozko hormatan habia egiten duten espezieek normalean ez dute erasorik izaten.
Erle bakartiak egunean hainbat ordu pasa behar du habiatik urrun, nektare edo polenaren bilketa-lanean. Une horretan, babesgabeko prolea oso erasogarria suertatzen da. Zenbait espezieren inkubazio-gelaskak, erretxina, jariaketa edo buztinezko estalkiz hermetikoki hertsiak agertzen dira. Beste espezie batzuen gelaskek berriz, lur tinkatu, hosto edo zerrautsezko estalki iragazkorra besterik ez dute izaten. Erle amak bere habia babes dezake kanpoan dagoen bitartean sarreran lurra metatuz. Hala ere, erle bakartien errutaldiek kalteak izaten dituzte animalia hondakari eta bizkarroien kausaz; liztor, inurri, euli, kakalardo, akaro eta nematodoen kausaz batipat.
Arrak eme bila
Erle bakartien arrak, espezie bereko emeak baino egun batzuk lehenago ateratzen dira pupatik. Lore-nektarea eta polena jaten dute, eta arrautzatik ateraberriak diren eme birjinen bila hasten dira. Zenbait espezietan, arrek taldeak osatzen dituzte, bizilekuaren inguruan edo emeek maiz bisitatzen dituzten loreetan patruilaketa-lanean ihardunez. Arrek emeren bat edo antzeko objekturen bat ikusten dutenean, gainera saltatzen dute, baina ingurunean ferormonarik ez badago behintzat, berehala uzten dute.
Eme birjinen bat agertzen denean, ar guztiak tropelean hurbiltzen zaizkio kopulatu nahirik. Normalean, emeari eusten dion lehen arrak gogorki lotzen du berau, eta estaltzea lortzen du. Espezie gehienetako arrek, emea lehendabizi lortzeko beren artean lehiaketan dihardute, baina ez dira oso erasokorrak izaten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia