}

Erisek Plutonek baino masa handiagoa du

2007/06/22 Zelestino, Maite

Bazekiten jadanik Eris (lehen Xena zena) Pluton baino handiagoa dela. Orain, Plutonek baino % 27 gehiago pisatzen duela frogatu dute Kaliforniako Teknologia Institutuan. Horretarako, Disnomia haren satelitearen orbitaren erradioa eta Erisi itzuli bat egiteko behar duen denbora neurtu dute. Ondoren, Keplerrek proposaturiko planeten mugimenduen legea eta bi objeturen arteko grabitazio-indarraren ereduak erabiliz, planeta nanoaren masa kalkulatu dute.

Aurkikuntza honek areagotu egin du Plutonen aldekoen atsekabea. Izan ere, kolpe latza izan zen jada planeta izatetik planeta nano izatera behartu zutelarik, eta orain, hiru planeta nanoen artean (Pluton, Eris eta Zeres -Marte eta Jupiter artean orbitan dagoen arrokazko gorputza-) masa handienekoa izatearen titulua kendu diote.

Eris planeta nanoa garaile atera da Plutonekin zuen tira-biran; hain zuzen ere, horregatik eman zioten Eris izena, liskarraren eta gudaren jainkosa greziarraren omenez. Baina aurrerantzean Erisek ondo borrokatu beharko du nagusitasuna mantentzeko: eguzki-sistemaren kanpoaldea ondo ikertu gabe dago, eta litekeena da gorputz handiagoak eta masiboagoak aurkitzea.

Irudia: NASA/ CALTECH/ Robert Hurt (IPAC)

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia