Ereñoko eta Baztango marmol gorria
2005/07/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Marmol horiek beren kolorea dute ezaugarri nagusitzat, gorria, baina
baita gogortasuna eta iraunkortasuna ere.
Kretazeoa eta errudistak
Baztango eta Ere oko marmolak Kretazeoan sortu ziren, hau da, duela 120 milioi urtetik 65 milioi urtera bitartean. Arroka horietan fosilduta, itsasoan bizi ziren bibalbioak daude: errudistak. Ere oko eta Baztango marmol gorrian ikusten diren forma edo zirkulu zuriak dira, hain zuzen ere, errudisten fosilak.
Errudistak koralen artean bizi ziren kukurutxo- edo kopa-itxurako bibalbioak ziren, eta, geokronologiaren ikuspuntutik, dinosauroekin bateratsu desagertu ziren. Horrexegatik dira hain interesgarriak, garai hartako gertaeren eta klima-ezaugarrien berri eman dezaketelako.
Marmolen historia azaleratzen
Errudista horien fosilak elektroiekin bonbardatuta, marmolaren elementuen proportzioa agerrarazten dute ikertzaileek. Marmolaren osaera mineralogikoa eta geokimikoa zehazten dute, alegia. Hala, prozesu geologikoek fosilei zein elementu erantsi zizkieten jakin dezakete. Izan ere, kaltzioa, estrontzioa eta sodioa errudisten berezko osagaitzat har daitezke, baina gainerakoak, manganesoa eta burdina esaterako, kanpotik gehitutakoak izaten dira normalean.
Azterketa horiez gain, katodoluminiszentzia ere erabiltzen dute Leioako geologoek. Katodoluminiszentziaren bidez, jatorrian oskolak ez zituen elementuak jartzen dira agerian, izan ere bibalbioen oskolek berez ez dute luminiszentziarik igortzen. Hala, xafla finetan moztutako marmoletan, luminiszentzia non agertzen den ikusita, elementu arrotzak harrian nondik nora barreiatu ziren ikusten dute.
Gainera, fosildutako errudistaren oskoleko geruza-kopurua zenbatuta, geruzen arteko distantziak neurtuta eta isotopo egonkorren bidezko azterketak eginda, beste hainbat datu eskuratzen dituzte: errudistak zenbat bizi ziren; itsasoko tenperatura nola aldatzen zen; ur gazi edo gozoen eraginik izan zuten; lurpean hondoratuta, barnerago edo azalerago zeuden eta abar.
Baina bada oraindik argitu ez duten zerbait. Nondik dator Baztango eta Ere oko marmolen kolore gorria? Horixe aztertu nahiko lukete hemendik aurrera ikertzaileek, eta ikusi ea azpian zegoen burdin geruza batetik etorri zen isuria, eta noiz gertatu zen.
Ikerketa horiekin Ere oko eta Baztango marmol gorrien ezaugarri-txartela egin nahi dute, harrien merkatuan ere ugariak baitira faltsutzeak. Horretarako, ordea, marmol horiek bere baitan gorderik dituzten sekretu guztiak ezagutu behar dira.