Eremu magnetikoa izatearen garrantzia
2001/02/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Eguzki-sistemako planeta guztietara iristen da eguzki-haizea, kargadun partikulen enbata. Lurraren kasuan, bere eremu magnetikoak (magnetosferak) ezkutu gisa jokatzen du, partikulak desbideratuz eta bizitza posible eginez. Orain arte, Martek ez duela inoiz halako ezkuturik izan pentsatzen zuen ikertzaileek, baina azkeneko ikerketen arabera, behin izan zuen bat.
1999an Marteko lurralde zaharrenek eremu magnetiko global baten eraginpean egon izanaren aztarnak erakusten zituztela ikusi zuten NASAko ikertzaileek. Baina inpaktu-kraterren inguruan, ordea, ez zen halakorik ikusten. Horrek, eremu magnetikoa inpaktuak gertatu aurretik desagertu zela esan nahi du, hau da, duela 4.000 milioi urte baino lehenago, Marte sortu eta 500 milioi urtera, alegia. Datu honek harrituta utzi zuen bat baino gehiago.
1999az geroz, era guztietako neurketak egin ditu Mars Global Surveyorrek, eguzki-haizearen indarrarenak, Marteren hondar-atmosferarenak eta eremu magnetikoaren arrastoarenak. Marteren hegoaldean atmosferaren aztarnak geratzen dira oraindik, hain justu, eremu magnetikoak arroketan aztarna sendoak utzi dituen eskualdeetan. Horren arabera, antzinako magnetismoa atmosfera-zati batzuk eguzki-haizetik babesteko gai izan zen. Baina desagertu zenean, atmosfera eguzki-haizearen mende utzi zuen eta hura ere desagertu egin zen.
Zergatik, ordea? Zergatik desagertu zen Marteko eremu magnetikoa? Erantzun ziurrik ez dago, baina bai plaken tektonikarekin erlazionaturiko teoria bat. Kontua da, planeten eremu magnetikoa nukleoetako burdinaren polarizazioak sortzen duela. Lurrean, plaken tektonikak efektu hori areagotu egiten du, baina Marten ez dago plaka-mugimendurik. Teoriaren arabera, plakarik gabe burdinaren polarizazioak sortutako eremu magnetikoa eguzki-haizea jasateko ahulegia da. Lurrean ere plaken higidura amaituko balitz, 100 milioi urtetan magnetosfera desagertu egingo litzateke eta, harekin batera, atmosfera eta bizia.
Hortaz, Martek noizbait atmosfera eta bizia garatzeko aukera izan bazituen ere, oso azkar antzutu zela dirudi. Hala ere, NASAk Marten bizia edo biziaren arrastoak aurkitzeko duen grina justifikatu nahian edo, Marte ez dagoela erabat hilda azpimarratu nahi izan dute: lur azpian oraindik ura egon omen daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia