}

Eraztunen jatorriaren bila

2006/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eraztunen jatorriaren bila
2006/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA/JPL/CICLOPS)

Dirudienez, Saturnoren eraztunak planeta bera baino gazteagoak dira, hau da, geroago sortu ziren. Eraztunak talka baten ondorioz sortu zirela uste izan dute zenbaitek, eta Cassini zundak teoria horren aldeko zantzuak eman dizkie. Izan ere, 40 eta 120 metro bitarteko diametroa duten partikulak aurkitu dituzte Saturnoren A eraztunean, bi eraztun dirdiratsuenetatik kanpokoenean, alegia.

Kometa batek Saturnoren ilargi bat jo zuenean sortu omen ziren eraztunak. Talka horren ondorioz hautsa eta neurri askotako beste hainbat partikula zabaldu ziren, eta planetaren inguruan geratu. Teoria horren arabera, ehun metro inguruko objektuak egongo ziren eraztunetan, besteak beste. Orain arte ez zen neurri horretako partikularik ikusi, ordea. Baina orain bai, orain teoria horren aldeko aztarnak aurkitu dituzte.

Eraztun urdinak

Bestalde, Uranoren inguruan beste eraztun bat aurkitu berri dute. Planetatik urrunen dagoen eraztuna da, eta kolore urdin bizikoa da.

Kontua da Saturnoren azkeneko eraztuna ere urdina dela. Eta parekotasunak ez dira hor amaitzen; izan ere, eraztun urdin horietan ilargi bana dute bi planetek. Saturnok Enceladus du bere azkeneko eraztun urdinean, eta Uranok, Mab (2003an Hubble-kin aurkitutako ilargi txikia).

Baliteke bi eraztunek kolore bera izatearen arrazoia konposizioa izatea, aurkitzaileen arabera. Biak hauts-partikula oso txikiz osatuta daudela uste dute (mikroi baten hamarrena baino txikiagoak), argi urdina islatzen duten hauts-partikulez, hain zuzen ere.

Eraztunean ilargia izatea ere ez omen da kasualitatea.

1
220
2006
5
031
Astronomia; Astrofisika
Berriak labur
12