Eraso masiboa Interneti
2002/10/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Erasoak iraun zuen bitartean, 13 zerbitzari nagusietatik 9k trata dezaketen informazioa baino 2 edo 3 aldiz gehiago jaso zuten. Erasoa mezuak kontrolatzeko Interneteko protokoloan (Internet Control Message Protocol, ICMP) oinarrituta zegoela diote adituek. ICPM protokoloak errore-, kontrol- eta informazio-mezuak dituzten IP paketeak bideratzen ditu eta erroreak zuzentzen ez baditu ere, gutxienez, helbide okerrak identifikatzen ditu.
Ordubetez, mundu osoko ordenagailu-andana batetik, ICMP pakete ugari bidali ziren 13 zerbitzarietara. Ondorioz, 9 zerbitzarik gainezka egin zuten eta ezin izan zioten eskaerari behar bezala erantzun.Ordu horretan, beraz, beste lau zerbitzariekin soilik funtzionatu zuen Internetek.
Erabiltzaileentzat horrek ez zuen aparteko arazorik sortu, erasoa nahiko laburra izan zelako eta Interneteko azpiegiturak horrelakoetarako ere prest omen daudelako. Dirudienez, 13 zerbitzari horietatik bakarra nahikoa da Internetek funtzionatzeko, nahiz informazio-trukaketa mantsoagoa izan.
Hala ere, eraso horrek azpiegitura horren babesari buruzko eztabaida piztu du. Izan ere, IP protokoloa pakete horien jatorria zehazki identifikatzeko gai ez den bitartean, eraso horietatik babestea zaila izango da. Oraingoz, eraso horren egileak identifikatu nahian dabiltza Estatu Batuetako agintariak, Interneten kudeaketan aritzen diren elkarteak eta FBI.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia