Eraikinek intsektuak nahasten dituzte
2009/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gizakiok sortutako gainazal ilun eta distiratzaileak, hala nola eraikinak eta asfaltozko errepideak, kaltegarriak izan daitezke intsektuentzat, Michigan Estatu Unibertsitateko ikertzaile-talde baten arabera. Hain zuzen, uste dute objektuok eguzki-argia islatzeko duten moduak nahasi egiten dituela intsektuak.
Eguzkiak ez dio eredu jakin bati jarraitzen argi-izpiak igortzeko; norabide guztietan ateratzen dira Eguzkitik. Lurraren atmosfera zeharkatu, eta Lurreko gainazal distiratzaileetan islatzen direnean, ordea, argi-izpiak polarizatu egiten dira, hau da, norabide bakarra hartzen dute guztiek.
Intsektuek eta beste hainbat animaliak erreferentzia gisa erabiltzen dute argi polarizatua, horrek adierazten baitie gainazal distiratzaileren bat dagoela. Naturan, gainazal distiratzaileak ur-putzuak izaten dira, eta animaliok ur-putzuetan bilatzen dute elikagaia eta jartzen dituzte arrautzak. Bada, benetako tranpa ekologiko bihurtzen dira eraikinak intsektuentzat, ur-putzuekin nahasten baitituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia