Era baten Bukaerara Bidaia
1996/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizitzan hainbat unetan bihotza dardar batean jartzen zaizu. Zerbaitek barneko txokoren bat ukitu eta hortxe zaude, nerbioak dantzan. Objektiboki begiratuta, beste gauza askoren antzekoa da zirrara eragin dizun hori, bigarren begiraturik gabe iragaten utziko zenukeena.
Horixe jazo zitzaidan niri joan den otsailean. The Planetary Societytik gutun bat jaso nuen, itxuraz beste askoren antzekoa. Zabaldu egin nuen. Gainetik irakurtzen hasi nintzen. Paper horiskan idatzitako izenburuak, Journey to the End of an Era (Era baten Bukaerara Bidaia), ordea, harrapatu egin ninduen eta arretaz leitzeari ekin nion. Hamargarren lerrorako bihotza saltoka nuen, burua berotuta eta nire bizitzako aukeraren aurrean nengoela iruditu zitzaidan. Haraxe joan behar nuen, zer demontre!
Horrela hasten zen gutuna:
“Duela hirurogeita bost milioi urte Lurreko espezien zati handi bat —dinosauruak tartean— desagertu egin ziren, Kretazeoaren bukaera eta era Tertziarioaren hasiera markatuta.
1980an Luis eta Walter Alvarez-ek zuzendutako zientzilari-talde batek aurkitu zuen Kretazeo/ /Tertziario (K/T) mugaldean ez-ohizko iridio-kontzentrazio handiak zeudela. Iridioa urria da Lurrean, baina asteroide eta kometen ohizko osagaia da… Aurkikuntza horiek teoria hau formulatzea eragin zuten: gutxienez 10 km-ko diametroa zuen asteroide batek Lurra jo eta hondar- eta hauts-hodeiak atmosferan sarrarazi zituela, planeta inguratuz eta Eguzkiaren argia blokeatuz. Eszenatoki horrek fotosintesia eragotzi eta Lurreko gainazal-tenperatura beheratzea eragin zuen, K/T masa-desagerpena.
Hala ere, zientzilari batzuek, inpaktua baino lehenago eta geroago (hainbat hamarnaka edo ehundaka urtean) desagerpen adierazgarriak egon zirela diote eta inpaktu anizkoitzak edota beste kausa batzuk proposatzen dituzte.”
Proposamena eztabaida horretan argia eman dezaketen datuak bildu nahi dituen zientzi espedizio batean parte hartzea zen. The Planetary Societyko bazkideoi luzatzen zitzaigun gonbitea eta jasotako eskaera guztien artean 20 lagun aukeratuko zituzten. Gorago esan bezala, nirea bota nuen eta nire ustekaberako aukeratu egin naute.
Espedizioa Italian izango da, Apeninoetan zehazkiago, abuztuaren bigarren hamabostaldian. Espedizioak hiru helburu nagusi ditu: batetik, denbora erregistro geologikoan neurtzeko bideak hobetzea; bestetik, K/T krisiaren ondorengo plankton aldaketa xehetasunez aztertzea eta Lurreko beste toki batzuetakoarekin konparatzea (erkaketa hau oso garrantzitsua da gure planetaren eta biziaren eboluzioa hobeto ulertzeko) eta, azkenik, K/T mugaldearen aldaketa magnetikoen kronologia zehatza egitea. Beraz, espedizio geologiko baten aurrean gaude.
Zer egiten du kimikari batek horrelako batean? Egia esan, nire eta gainerako beste hemeretzi lagunena laguntzaile-lana izango da. Nolakoa? Orain arte esan digutenaren arabera, bi mota nagusikoak izango dira: zulaketa-toki eta -laginen erregistroa izatea batetik eta, bestetik, laginak ondorengo analisietarako prestatzea. Nola edo hala, espedizioaren buru diren Adriana Ocampo, Kevin Pope eta Al Fisher geologoen esanetara egon beharko dugu.
Esperientzia polita dudarik gabe, oporrak pasatzeko beste modu bat, jendea ezaguteko bidea, etab. Izango duzu nire bidaia honek emango duenaren berri. Dudarik ez izan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia