}

Eppur si non muove

1993/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Galileo zuzen zebilen. Horixe adierazi du Vatikanoak. Galileo Galilei, 1633an jasan zuen Inkisizio-prozesuaren ondorioz, bere teoria heliozentrikoa ezestera behartu zuten. Galileok bazekien kontra egitea alferrik zuela eta Inkisizioak eskatutako aitorpena egin ondoren “eppur si muove” (“hala ere, higitu egiten da”) esan omen zuen.

Galileo Galilei.

359 urte pasa dira eta Vatikanoak azkenik onartu du Galileoren teoria zuzen zegoela. Erabakia Zientzi Akademia Pontifikalak 1979an sortutako batzorde batek hartu du.

Erabakiak dioenez Galileok arrazoi zuen, baina Inkisizioak ere “fede onez” jokatu zuen. Are gehiago, Galileok froga argiagoak ez izana, Inkisizioaren jokaera zilegizko bihurtzen duela adierazten da. Azken finean, esku batean Genesiko kreazioaren deskribapena eta bestean Galileoren arrazoibidea besterik ez zuten. Bien artean, eta Galileoren frogak guztiz seguruak ez zirenez, ortodoxiaren alde jokatzeko beste aukerarik ez zuten izan. Horixe da batzordeak ebatzi duena.

Askoren ustez Eliza Katolikoak aukera historikoa galdu du; erabili duten arrazoibide horri jarraituz zientziaren irtenbide bakarra zuritik beltzera edo alderantziz jokatzea besterik ez baita. Ortodoxiak dioena zalantzan jartzeko modu bakarra argumentu gogor eta froga dudaezinak aurkeztea beste modurik ez badago, nekez egin daiteke aurrera jakintzaren edozein arlotan. Teoria heliozentrikoa ikasi dugu, baina ez dirudi bestelako ikasbiderik gureganatu dugunik. Ez Elizak behintzat! Oraingoan, “eppur si non muove” esango luke Galileok ahopeka.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia