Energia berriztaezinak
1991/11/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Energia berriztaezinen atal honetan, energia fosilak eta energia nuklearra dauzkagu. Llabur arituko gara horietaz eta ez luze, alde batetik energia fosilak nahikoa ezagunak direlako eta bestetik energia nuklearraren aldeko apostua, fisiozkoaren aldekoa batez ere, zuzen eta egokitzat ikusten ez dudalako. Fusiozko energia nuklearra bakarrik azalduko dugu, arestian aipatutako energi planifikaziorako eskeman adierazten diren ezaugarri berak bete ditzakeelako.
Fusiozko energia nuklearra
Fisio nuklearraren oinarria atomoak apurtzea bada, fusioarena atomo txikiak juntatuz handiagoak egitea da. Atomoen elkartze-prozesu horretan energi inpirioa askatzen da. Gure unibertsoko izarren energiaren jatorria fusio nuklearreko prozesuetan dago.
Fusio nuklearra planteatzeko unean lau aukera teoriko dira posible:
Energia lortzeko erreakzio horietako hirugarrena ikusten da egokien moduan. Izan ere, erreakzio horretan ekoiztutako energiatik 3,5 MeV erreakzioa mantentzeko erabiltzen dira eta beste 14,1 MeV-eko zatiak bero moduan berreskura daitekeen energia ematen du. Beraz erreakzioa abiarazten bada, erreakzioa bakarrik doa. Hala eta guztiz ere, erreakzioa abiaraztea oso zaila da. Atomoak fusionatzeko beren nukleoek oso gertu egon behar dute eta elektrikoki kargaturik daudenez elkar aldarazi egiten dute. Esan nahi bait da, nukleoen arteko Coulomben indarra gainditu egin behar dela. Eguzkian energia grabitatorioak egiten du lan hori. Lurrean aldiz horrelakorik ezin da egin, berotuz bakarrik lor daitekeelarik.
Fusiozko bonba nuklearretan, Hidrogeno-bonbetan alegia, bonba atomiko arrunt bat leherteraziz erdiesten da fusio-erreakzioa abiarazteko behar den bero-kantitate handia. Gakoa bero hori kontrolatuta ematean datza. Oraindik ez da hori lortu eta oraingo eskemek erregaia plasma moduan gartzela magnetiko batean (Tokamak izeneko konfigurazioa) gordetzea proposatzen dute. Lehen arazoa plasma berotzea da (80 milioi gradu behar dira) eta gero beroa erreakzioa hasteko adina denboraz mantentzea. Bide horretan ari dira egiten orain ikerketak.
Hori bide beroa da.
Zenbait ikerlarik indar coulombdarra gainditzeko bide hotza ere posible dela defendatzen du. Horien arabera fusiozko energia nuklearra giro-tenperaturan edo tenperatura normalagoetan egin daiteke. Fischmann eta Ponsek 1989.ean upeltxo elektrolitiko batean fusio kontrolatua lortu zutela aldarrikatu zuten. Zalaparta handia sortu zen, baina ez da egiaztatu. Zientzilariak oso eszeptiko daude prozedura horren aurrean.
Fusioaren bultzatzaileek fusiozko energia nuklearra garbia dela aldarrikatzen badute ere, horrelakorik ez dago. Fisioa baino askoz garbiagoa dela, hots erradioaktibitate-arazo txikiagoak sortzen dituela, egia da, baina hondakin erradioaktiboen arazoa hortxe dago. Alde batetik, erregai moduan proposatzen den tritioa ß igorlea da eta 12,3 urteko erdibizitza du. Bestetik, emaitza moduan erdietsitako neutroiek erreakzio nuklearrak induzitzen dituzte materialetan. Hori da gainera egungo fisiozko zentralen arazoetako bat. Hau da, zentralaren egitura osatzen duten materialak erradioaktibo bilakatzen dira, erreakzioan sortutako neutroien eraginaren bidez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia