Enbrioien zelula amekin ikertu ahal izango da Espainian
2004/11/01 Orive Arroyo, Gorka - Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzaileaFarmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientzialari askok borrokatu dute Espainian enbrioien zelula amekin ikertu ahal izateko, eta, azkenean, posible izango da, gobernu-aldaketa tarteko. Ehunka iskanbila, bilera eta protestaren ostean, ekaitzaren ondoko barealdian gaudela esan liteke. Izan ere, urriaz geroztik Espainian iker daiteke enbrioien zelula amekin. Lege berriari esker, orain arte debekatuta egon den zientziaren arlo honek bidea libre izango du garatu eta diru-laguntza publikoak jasotzeko.
Zenbait egitasmo martxan daude dagoeneko. Ikerketa legeztatu aurretik ere Andaluziak eta Kataluniak agertu zuten enbrioien zelula amekin ikertzeko asmoa, eta, osasun-ministroak iragarri duenez, Katalunian ehun-ingeniaritzako medikuntzan jardungo dira enbrioien zelula amekin; Andaluzian, ostera, zelula-banku nazional bat sortuko dute.
Horiekin batera, Nafarroako Unibertsitateak ikerketagune bat jarri du martxan. Esan dutenez, han lan egingo duten 350 ikertzaileak zelula ama helduekin arituko dira, ez enbrioien zelulekin. EAEn, bestalde, zelula amekin lan egiteko hainbat proiektu prestatzen ari dira, eta Eusko Jaurlaritzaren hurrengo aurrekontuen ehuneko garrantzitsu bat zientziaren arlo honetarako izan daiteke. Gainera, Juan Carlos Ispizua ikertzaile ezaguna hemengo zientziagune batera ekartzeko asmoa omen dago. Hori gertatuko balitz, zelula amen munduan izugarrizko esperientzia duen zientzialari bat gure artean izango genuke, eta hori abantaila handia izango litzateke inguruko ikerketa-talde guztientzako.
Medikuntzaren itxaropena
Zelula amen ikerketak inflexio-puntu garrantzitsua izan zuen 1998an. Izan ere, Wisconsin Unibertsitateko talde batek (AEB) gizakien zelula ama enbrionarioak haztea lortu zuen. Harrezkero, milaka zientzia-artikulu argitaratu eta ehunka konpainia sortu dira zelulen potentzial terapeutikoa garatzeko asmoarekin, eta zelula amak XXI. mendeko itxaropen terapeutiko bilakatu dira.
Zientzialarien arabera, zelula amek ezin konta ahala aplikazio terapeutiko izan ditzakete: nerbio-sistema zentraleko gaixotasunak, Alzheimerra, Parkinsona, diabetea, bihotz-asaldurak edo itsutasuna sendatzeko aukera izan daitezke, edo transplanteetarako ehunak sortzeko lehengaia. Mugak ere, ordea, itxaropena bezain handiak dira oraindik.
Aditu asko, adibidez, ez dago ziur zelula amak hazteko erabiltzen diren hazkuntza-medioak guztiz seguruak diren edo infekzioak sortzeko arriskua duten.
Bestalde, organo-transplanteekin egun gertatzen den moduan, norberarenak ez diren zelula amak jasoz gero errefus immunologikoa gertatzeko arriskua ere hor dago. Eta minbizia eragitekoa ere bai. Ikerketa asko egiten ari dira zelula horiek minbiziak sortzeko arriskurik ez dutela frogatzeko. Izan ere, zelula amek zatitzeko duten ahalmen infinitua funtsezkoa da milioika zelula eta ehun lortzeko. Baina, era berean, ahalmen hori zorrozki kontrolatu behar da, animaliekin egindako zenbait ikerketatan argi eta garbi frogatu baita bestela minbizia sortzeko arriskua oso handia dela.
Argi dago asko dagoela oraindik ikertzeke, eta Espainiako Gobernuak hartutako erabakiak ikuspegi eta etorkizun berri bat eman dio zelula amen teknologiari.
Horrelako berri batek aldekoak eta kontrakoak ditu beti, baina, oro har, pentsatu behar dugu erabakiak aukera emango digula hurrengo urteetan punta-puntako teknologia bat lantzeko. Eta enbrioi-zelulekin lan egiteak aukera emango digula kezka horiei guztiei erantzun bat bilatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia