}

Enbrioien zelula amak odol bihurtu dituzte

2001/09/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Estatu Batuetako ikertzaileek enbrioien zelula amak odoleko zelulen aitzindari bihurtzea lortu dute.

Gizakiok 220 zelula- eta ehun-mota dauzkagu gorputzean, guztiak zelula ametatik sortuak. Zelula amak bizidunon jatorrizko zelulak dira eta, enbrioia garatu ahala odol, gihar eta organo bilakatzen dira.

Zelula amak hildako edo kaltetutako zelulak birsortzeko erabil daitezke, eta haien bidez hainbat gaixotasun sendatzeko itxaropena dago. Duela hilabete batzuk, zelula amak bihotzeko eta gibeleko zelula bilakatzea lortu zen. Atzo, zelula amak odoleko zelula bilakatu dituztela argitaratu zuten Wisconsin-Madison Unibertsitateko ikertzaileek Proceedings of The National Academy of Sciences aldizkarian.

Enbrioien zelula ametatik abiatuta egin dute bidea eta, noski, enbrioiekin egiten diren ikerketen aurkarien kritikak jasoko dituzte. Baina ikuspuntu zientifikotik begiratuta, aurrerapauso garrantzitsua dela dirudi.

Batetik, jakintza hutsagatik, zelula amen eboluzio naturala nolakoa izan daitekeen hausnartzen hasteko, eta, bestetik, aplikazio konkretuengatik. Ikerketaren buru den Dan Kaufman-ek argi esan du aplikazio horiek ez direla ez bihar eta ez etzi iritsiko, eta urte askotarako ikerketa dutela oraindik aurrean. Baina, hala ere, funtsezko pauso bat eman dutelakoan dago.

Ikerketa hori etorkizunean odoleko eta hezur-muineko minbiziak sendatzeko bidea izan daiteke, eta, ez hain urruti, odol-transfusioetan eman ditzake bere fruituak. Izan ere, laborategian lortutako zelulak globulu zuri, gorri eta plaketen aitzindariak dira; kantitate handitan ekoiztea lortuko balitz, odol-transfusioetarako lehengai ezin hobea izango lirateke.

Ikerketaren nondik norakoak

Kaufman-en taldeak zelula amak hezur-muinarekin eta hazkunde-eragileekin batera ipini ditu. Horrela, zelula amak odol-zelula bihurtzera bultzatu nahi zituzten, eta lortu egin zuten. Lehenen, zelula amek zelula hematopoietikoak eman zituzten, odoleko eta hezur muineko zelulen aitzindariak. Gero, zelula hematopoietikoek globulu zuriak, gorriak eta plaketak eman zituzten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia