Emakumeen bizkarrezurra haurdunaldietara egokitua
2008/02/10 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Grabitateak ez dio inongo mesederik egiten haurdun dagoen emakumeari. Haurdunaldia aurrera joan ahala, emakumearen tripak gero eta gehiago pisatzen du, eta, horren ondorioz, grabitate-zentroak aurrera egiten du. Hau da, haurdun ez dagoenean duen jarrera berean jarriko balitz, aurrerantz eroriko litzateke, triparen pisuaren eraginez. Hori saihesteko, haurdunek atzerantz okertzen dute bizkarra (28 gradura ere iristen da okerdura, ikerketa horren arabera).
Bizkarra minik hartu gabe hainbeste okertzea posible da bizkarrezurraren behealdean zenbait ezaugarri berezi dituelako emakumearen gorputzak: batetik, bizkarra gerrialdetik okertzea posible egiten duten ornoak hiru dira emakumeetan, eta bi besterik ez gizonetan; horri esker, okertzearen ondorioz sortzen den tentsioa hezur gehiagoren artean banatzen da. Eta, bestetik, orno horien arteko giltzadurak % 14 handiagoak dira emakumeetan, jasan beharreko indarrari hobeki eusteko.
Gizonezko bati haurdun baten tripa jarriko bagenio, askoz bizkarreko min gehiago izango lituzke. Azken finean, hezurrek eusten ez diotenari giharrek eutsi behar diote. Zutik dauden denbora guztian emakumezkoetan hezurrek egiten duten lan hori giharrek egin beharko balute, lesioak jasango lituzkete bizkarrean.
Aspaldiko moldaerak
Moldaera horiek ez dira berriak emakumeetan. Orain dela bi milioi urte bizi ziren Australopithecus generoko espezieek dagoeneko bazituzten. Harvardeko ikertzaileek ondorioztatu dute bi hankan ibiltzen hasi eta berehala agertu behar izan zutela.
Bi hankan ibiltzen hasi zirenean, primateen eskuak aske gelditu ziren hainbat jarduera egiteko. Baina jarrera berri hura arazo bilakatu zen haurdunentzat. Eta pentsa emakumeek zenbat denbora ematen zuten haurdun. Izan ere, antisorgailuak erabiltzen hasi ziren arte, helduaroaren zati handi batean haurdun egoten ziren emakumeak.
Irudika dezagun garai hartako emakume haurdun baten bizimodua: zazpi kilo inguruko tripa zuela, ehizan laguntzen zuen, fruituak biltzen zituen, harraparietatik ihesi ibiltzen zen, eta abar. Haurdunaldiaren bederatzigarren hilabetean zaudetenok edo egon zaretenok badakizue ( eta egon ez zareten beste guztiok imajina dezakezue ) zer nekeza den horrelako triparekin korrika ibili behar izatea. Bizkarrezurra horretara moldatuta ez zutenek askoz ere lesio gehiago jasango zituzten bizkarrean ahalegin bera egiteko. Eta, noski, kaltetutako bizkar batek askoz arazo handiagoak ematen ditu mugitzeko, dela janari bila, dela harraparietatik ihes egiteko.
Beraz, eboluzioak intentzio jakinik ez badu ere, ulertzekoa da emakumeen bizkarrezurrean moldaera haiek oso azkar zabaldu izana agertu ziren unetik aurrera. Moldaera haiek zituztenak askoz errazago ibiliko ziren ez zituztenak baino, eta pentsa daiteke horrek emakumeen biziraupena handitu zuela. Hala, emakume haiek ondorengo gehiago izan zituzten besteek baino, eta haien alabak moldaera haiekin jaio ziren. Pixkanaka, moldaerarik gabeko emakumeak gutxituz joan ziren, eta, belaunaldi batzuen buruan, moldaeradun emakumeak nagusitu ziren.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia