Emakume matematikariak
1993/03/01 Angulo, Patxi Iturria: Elhuyar aldizkaria
XX. mendearen hasiera arte, Matematiken eraikinean parte hartu zuten matematikarien artean emakume gutxi agertzen da. Emakume matematikarietan hauek ditugu ezagunak: Hypatia (?-415) greziarra, matematika klasikoari buruzko irazkinak egin zituena; Emilie Marquise du Châtelet (1706-1749) frantziarra, Newton eta Leibniz-en testuei irazkinak egin zizkiena; Emilie Maria Gaetana Agnesi (1718-1799) italiarra, Bolognako Unibertsitatean irakasle izana; Sophie Germain (1776-1831) frantziarra, Pariseko Zientzi Akademiaren Sari Nagusia lortu zuena; Augusta Ada Byron (1815-1852) ospea bi arrazoirengatik lortu zuen: batetik Charles Babbage-rekin elkartu zelako eta bestetik programazioaren ideiarik garrantzitsuenen aitzindari izan zen "Motore analitikoa", hau da, ordenadore mekanikoa, sortu zuelako; Sonia Vasilievna (1850-1891) errusiarra, katedra lortu zuen Europako lehen emakumea; Emmy Noether (1882-1935) alemaniarra, Gotinga-n aritu zena. Emakume horiek beren lanak nabarmendu direlako dira ezagunak. Hala ere esan beharra dago arlo honetan eta besteetan ere horrenbeste nabarmendu agian ez, baina lan handiak egindako emakume asko ez dela historian agertzen.
Egoera haren zioak, gizartearen bilakaeran zeuden baldintzak izan ziren, zeinak, funtsean, egoera ekonomikoak, ezagumendu-mailak, aurriritziek, erabaki erlijiosoek, konstituzioek eta gobernu-sistemek determinatzen baitzituzten. Sistema kapitalisten menpe, gizarte-bilakaera haien ondorio ideologikoek emakumea (Matematiketan eta Natur Zientzietan batez ere) gizona baino hezgaitzagoa zela eta ez zela hain emankorra pentsarazten zuten.
Emakumeen gaitasun intelektualari buruzko balorazioak, ideologia burgesaren eraginez ikasketarako ez zela gai zioen. Alemanian esaterako, Unibertsitate eta goi-mailako antzeko instituzio askoren ateak pasa den mendearen erdira arte egon ziren emakumeentzat itxita. 1870etik aurrera onartu zituzten Unibertsitate eta Goi-Eskoletan; hori bai, entzule gisa eta matrikulatzeko eskubiderik gabe. 1890.etik aurrera eskubide osoko ikasle gisa matrikulatu ahal izan zuten. Baina 1902an Berlingo Unibertsitateko Akademi Kontseiluak ez zien matrikula onartzen eta Prusian, 1908ra arte ez zen onarpena arautu. Hala ere, ikastaro batzuetan emakumeei sarrera debekatzeko aukera eman zitzaion Hezkuntza Ministrariari. Kasu hau, zientzilariena alegia, emakumeek gizartean izan dituzten oztopoen adibideetako bat baino ez da. Ezin dira ahaztu bizitzako beste arloetan izan dituztenak ere.
Sonia Vasilievna 1850eko urtarrilaren 3an jaio zen Moskun. Ohituren arabera, Soniak eta bere ahizpak etxean ikasi zuten institutrizekin. Bi emakumeak iharduera intelektualez arduratu ziren. Sonia Matematikek erakartzen zuten bitartean, bere ahizpa Literaturari lotu zitzaion.
Matematikekiko zuen grina osaba bati zor zion, hark zituen ezagumendu matematiko guztiak transmititzen zizkiolako. Egun batean, umeen gelako hormak kalkulu matematikoak zituzten orriez estalirik zeudela konturatu zen; Moskutik zetozen paper pintatuak ez baitziren garaiz iristen. Kalkulu diferentzialari buruzko osabaren idazkiak ziren eta Soniak gogo handiz aztertzeari ekin zion.
Geroago San Petersburgen Matematiketan nabarmentzen zenez, Matematika-ikasketei jarraipena ematea erabaki zuen, bere aita kontra egon arren. Bitartean, Errusiako aristokrazia eta burgeseria gaztea heziketa libreagoa (eta emakumeak, bereziki, iharduera intelektual propioa) eskatzen hasiak ziren. Goi-mailako ikasketak Errusian egin ezin zirenez, atzerrira joaten saiatzen ziren. Baina hori ere zaila zen eta askotan komenientziazko ezkontzak burutzen ziren.
17 urtekin Soniak, bere ahizpak eta lagun batek, bere ikaskide bati (Vladimir Onufriyevitx Kovalevskiy-ri) ezkontzeko bat aukera zezala proposatu zioten eta Sonia aukeratu zuen. Oztopo guztiak gainditu ondoren, 18 urte zituela ezkondu ziren Sonia eta Vladimir. San Petersburgen urte t’erdiz bizi eta gero, Heidelbergera joan ziren ikastera. Han bizimodu etxekoia izan zuten. 1870.aren amaieran Berlinerantz abiatu zen Sonia. Bere senarrak, aldiz, Geologi ikasketak Jena eta Munichen burutu zituen. Komenientziazko ezkontzetan maiz samar gertatzen zenez, banaketa harekin Soniak senarrarekin zituen gorabeherak gainditu nahi zituen.
Berlingo Unibertsitate guztietan eragotzi zioten sartzea. Hura zela eta, Karl Weierstrass katedradunarengana jo zuen. Weierstrass Soniaren ahalmenaz oharturik, nahiz eta emakumeak unibertsitatera sartzearen kontrakoa izan, kontsultetarako astean bitan hartu zuen eta ikasketak egiten lagundu zion.
1871n bi bidaia egin zituen Parisera, bere ahizpa ikusi eta laguntzeko. Ahizparen lagun bat komunako gertakarien ondoren preso hartu eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Bere aitari orduko egoeraz informatzeko idatzi zion gutun batean hauxe zioen:
Hain lilaturik geunden ideia berri hauekin, hain komentziturik ordena sozial meneratzaileak ez ziola luze eutsiko, ezen askatasun eta ilustrazio unibertsalaren garaia eskuetan geneukala uste baigenuen. Gertu zegoela eta etorrera seguru iragartzen zela amesten genuen.
Bere ikasketetan, Weierstrassek aurkezten zizkion lanak eta metodoak landu zituen hasieran. Handik gutxira bere ikerketak aurkezteko adina ezagumendu lortu zuen. Hiru lan idatzi zituen: lehenengoa deribatu partzialeko ekuazio diferentzialen teoriaz, zeinari esker orduraino irekita zeuden zenbait galderari erantzu ahal izan baitzitzaion; bigarren lanak Saturnoren eraztunaren egiturari buruz ziharduen; hirugarrenean, f F(x,Q(x)) dx integrala, F funtzioa x eta Q(x)-ren funtzio razionala izanik, zero (erro) desberdineko hiru eta lau mailetako polinomioen erro karratuak soilik dituzten integralen bidez adierazteko Q(x) funtzio algebraikoak bete behar zituen baldintzak azaldu zituen (integral eliptikoak).
Weierstrassek berak honako hau zeritzen lan haiei: hark ez zuela oztoporik izango aipatu lan bakoitza doktorego tesitzat onartzeko, eta hau eransten zuen: “Baina, emakume batek lan matematikoetan doktoratu nahi dueneko lehenengo aldia denez, Fakultateak baldintza zurrunak ezartzeko arrazoiak izateaz gain nere eta gogoko interesen aldekoa da... Baina, Kovalevskiy anderearen prestaketa matematikoari dagokionez, berarekin aldera daitekeen ikasle gutxi izan dudala ziurta dezaket, zientziarekiko ulermen, iritzi egoki, ahalegin eta garrari dagokienez.”
Lehenengo lana Gotingako Unibertsitateko Filosofi Fakultatean doktorego tesitzat onartu zuten, doktoregorako azterketa gogorraz libratu egin zelarik. 1874. urtean beraz, doktore-titulua “bera ez zegoela” eman zioten. Dekanoari idatzitako eskaeran hau zioen:
Gizon ezezagunen aurrean nik neuk erantzutera behartuko nindukeen ohizkanpoko egoerak trabatu eta nahasi egongo ninduke. Horri honakoa erantsi zion: Mintzatzeko alemaniera ez dut ongi menperatzen, Matematiketan pentsatu eta idatzi ohi badut ere. Alemanieraz adierazteko dudan gaitasun falta, duela bost urte ikasten hasi eta horietatik lautan Berlinen bizimodu etxekoia izateari zor zaio.
Hurrengo urteetan bere lanak familiako gorabeheren eraginak jasan zituen (aita hil egin zitzaion, senarrak bere buruaz beste egin zuen, bere alaba jaio zen, ...). Argiaren errefrakzioa kristalezko inguruetan, Saturnoaren eraztunaren egitura eta integral abeliarrei buruzko gaietan ari zen lanean. Bere helburua ez zen Zientzia Fisikoak aberastea; baizik eta lortutako ezagumenduak zurrunki eta matematikoki frogatu nahi zituen. Stockholmeko Unibertsitateak 1881ean katedra eskaini zionean piztu zitzaion berriro adorea.
Katedra onartzea atzeratu egin zen eta 1883. urtera arte ez zen Stockholmera joan. Orduan Unibertsitateko Errektoreari hauxe idatzi zion:
Eskerrak ematen dizkiot Stockholmeko Unibertsitateari; bere ateak ireki dizkidan Europako Unibertsitate bakarrari.
Katedra hark adierazten zuena ongi uler dadin, kontuan izan behar da Berlingo Unibertsitatera entzule gisa ere ezin zela sartu.
Stockholmen lan-sorta bat argitaratu zuen. Solido astun baten errotazioa puntu finko baten inguruan lanagatik Pariseko Zientzi Akademiako Bordin Saria eman zioten; emakume bati emandako saririk handiena, 1888ko Gabon egunean jaso zuelarik. Lanaren garrantzia t denbora aldagai konplexutzat hartzean zetzan.
1890. urtean Petersburgeko Zientzi Akademiako partaide hautatu zuten.
Lan zientifikoez gain letrei ere ekin zien Soniak. Haurtzaroko memoriak idatzi zituen. Eleberri bat bukatu zuen, “Katedradun ez-titularra” delakoa. Horrez gain, poemak eta kazetari-artikuluak idatzi zituen. Gizarte-arazoak bere egin zituen eta emakumeen eskubideen alde borrokatu zen. Bere buruaz honakoa esan zuen:
Stockholmen emakumearen emantzipazio-mugimenduaren aitzindaritzat naukate.
1891ko urtarrilean, Italiatik Stockholmera itzultzen ari zela marranta handia harrapatu zuen. Hasieran ez zion kasu handirik egin, baina bere egoera larrituz joan zen eta urtarrilaren 29an, 41 urte zituela hil egin zen. Legatuan Matematiketan hasitako ikerketak geratu ziren. Egunkariek eta aldizkariek bere lan zientifikoa eta gizarte-iharduera goraipatu egin zituzten. Stockholmeko hilerria lorez estali zen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia