Emakume kirolariek gizonezkoek baino lesio gehiago izaten dituzte. Zergatik?

Egia da belaunetako lotailu-apurketa gehiago jasaten dutela kirolari emakumezkoek kirolari gizonezkoek baino, eta zientzialariek aurkitu dute horren arrazoia. Emakumezkoen zangoak zuzenagoak dira, eta hori izan daiteke, hain zuzen ere, lesio gehiago izatearen errudun. Aurkikuntza berri hori kontuan harturik, behar diren neurriak hartu ahal izango dituzte entrenatzaileek lesio horiek murrizteko.

Zenbait saiakuntza eginda, Ipar Karolinako Iparraldeko Unibertsitateko ikertzaileak ohartu ziren emakumeek salto egiten dutenean, euren belaunak zuzenago eta elkartuago egoten direla. Modu ezberdinetan lasterka egiteko eta plataforma bat zeharkatzeko eskatu zieten, eta emakumeek norabide ezberdinetan egiten zuten indarra neurtu zuten. Orduan konturatu ziren emakumeek bihurdura-indar handiagoa egiten dutela belaunekin.

Belauna bat-batean okertzeak edota presio gehiegi egiteak aurreko lotailu gurutzatua apur dezake. Halako lesioak ia zortzi aldiz arruntagoak dira emakumezkoen kasuan gizonezkoenean baino, saskibaloian, futbolean eta boleibolean, esaterako.

Orain arteko ikerketetan, emakumezkoen lotailuen tamaina edota menstruazio-zikloa erabiltzen ziren mota honetako lesioen maiztasun handiagoa azaltzeko, eta berez anatomia- eta
hormona-ezberdintasunek eragina izan badezakete ere, gutxienez oraingoan, entrenamendu hobeen bidez, horrelakoak saihestu ahal izango dira.

Lasa Iglesias, Aitziber

STEAM Hezkuntza arloko arduraduna Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.

Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna