}

Elurra egiteko eguraldi hotza behar da, baina zergatik esaten da orduan 'ezin du elurrik egin, hotz handiegia dago eta'.

2000/11/15 Elhuyar Zientzia

Elurra egiteko eguraldiak hotza behar du, zalantzarik gabe. Baina, horrez gain, eguratsak elurra eragiteko adina hezetasuna ere behar du, eta eguratsa zenbat eta hotzago dagoen hainbat eta hezetasun gutxiago izango du.

Lurrazaletik gorantz egin ahala airea hoztu egiten da eta, ondorioz, hezetasuna galdu egiten du. Hezetasun hori hodeiak osatuz biltzen da eta bertako tanta txiki-txikiak elkartzean euria sortzen da. Hotz handia egiten badu, ordea, tanta txiki-txiki horiek izoztu egiten dira: zero gradu inguruko tenperaturan izotz-kristalak elkartu eta elur-malutak sortzen dira.

Hotza handiegia denean, ordea, kristaltxoak elkartzea zailagoa da eta elur-malutak baino pinportatxoak erortzen direla esan beharko genuke. Tenperatura asko jaisten denean eguratsak oso erraz askatzen du hezetasuna, baita hezetasun gutxi badu ere.

Horregatik, nahiz eta hodeiak oso erraz sortzen diren, oso hezetasun gutxikoak izanik, zailagoa da prezipitazioak sortzea. Tenperatura -20 ºC-ko ingurura jaisten denean ia ezinezkoa da elurra egitea.

Beraz, zenbat eta hotzago, hainbat eta maluta txikiagoak egiten ditu eta aipatutako -20 ºC-ko tenperaturan ez da malutarik sortzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia