}

Elurperatutakoen bila

2000/02/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gero eta eskiatzaile gehiago hiltzen dira elur jausien ondorioz. Gutxi gorabehera ordu erdiko bizi itxaropena dute elurpean.

Denboraren arazoa da. Elur jausiek eskiatzaile edo mendizale bat harrapatzen dutenean azkartasunez bilatu behar da. Nahiz eta kolpearen ondorioz ez zauritu, itotzeko edo izozteko zorian egon daiteke. Normalean, ordu erdian ez bada aurkitzen hiltzeko arrisku larrian egongo da.

Eskiaren zabalkuntza dela eta, iaz elur jausiengatik hildako eskiatzaile kopuruaren errekorra gainditu zen Estatu Batuetako estazioetan. Corvallis-eko Cyberspace Snow and Avalanche Center-koen arabera, 33 hildako egon ziren 23 istriputan. Gainera, Chamonix-eko bailaran elur jausi erraldoien ondorioz jende asko hil zen, eta ez dira horiek adibide bakarrak.

Lan handia egiten ari da sorospen sistemetan. «Oihukatzea eta seinaleak egitea ez da modurik hoberena bilaketa azkarra egiteko», dio Rush Robinett ikerlariak. Horrelako bilaketa omen dute pistetako bilaketa zerbitzukoek askotan. Robinett eta Energiaren saileko Sandia National Laboratory-ko ikerlariek beste bilaketa mota bat garatu dute. Funtsean ordenagailuak erabili nahi dituzte prozesuan. Bere iritziz, ordenagailuen bidezko eskiatzaileen bilaketa eraso kimikoen edo biologikoen kokapena aurkitzearen antzeko prozesua da.

Estrategiaren irtenbidea

Kutsadura biologikoaren iturrien bila miatzen zuten robot txikien multzoa koordinatzen duen ordenagailu programa bat garatuta zuten laborategian. Orain programa hori elurpeko jendea bilatzeko erabili nahi dute. Horretarako robotak edo miniordenagailua, irrati ekipoa eta GPSak daramatzaten pertsonak erabil daitezke.

Sandia laborategian egindako ordenagailu simulazioetan ‘Banaketa Optimizazioa’ izeneko algoritmoa erabiltzen dute. Emaitza da orain arteko baliabideen bitartez lortutakoa baino lau aldiz azkarrago aurkitu dituztela elur jausien biktimak. Robinett-en hitzetan «hori oinarrizko baldintzapeko emaitza da». Egoera konplexuagoa denean, elur geruzak sakonera handia duenean edo harriek eta zuhaitzek bilaketa zailago bilakatzen dutenean adibidez, Sandia laborategikoek idatzitako algoritmoa oraindik azkarragoa da.

Elur jausiak direla eta, zenbait lurraldetako eskiatzaileek irrati balizak daramatzate. Hala ere, baliza horiek aurkitzeko sistemak ez dira oso aurreratuak izaten. Ohiko sistema metro bakoitza arakatzea izaten da, baina denbora gehiegi eskatzen duen lana da. Gainera, sistema horrek bilatzailea behartzen du angelu zuzeneko biraketa egitera seinalea ahultzen den bakoitzean. Bilaketa prozesu zailak izaten dira, elurpeko objektuek seinalea aldatzen dutelako eta, gainera, igortze lekurako norabidea ez delako ezaguna.

«Hegoalderako hiru pauso eman bide egokiagoa jarraitzeko». Robinett-ek dio. «Irratia, GPS ekipoa eta ordenagailu txikiak eramateak posible egiten du mota honetako mezua ematea». Bilaketa algoritmo berriak patentatzeko eta argitaratzeko ari dira prestatzen. Bideo pare bat filmatu dira robot multzoek nola lan egiten duten erakusteko. Algoritmoa elur jausietan erabiltzeko baimena lortu nahi duten enpresentzat Sandia laborategiko Teknologia eta Baimenen Sailarekin kontaktatzeko eskatzen zaie.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia