}

Elur-maluta

2001/02/04 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bi lagunek antz handia dutela azpimarratzeko bi ur-tanta bezalakoak direla esaten da. Inoiz ez da esaten bi elur-maluta bezalakoak direla. Izan ere, elur-maluta guztiak desberdinak direla aspaldi ohartu zen gizakia, nahiz eta forma desberdin horien zergatia berrikitan ikertu den.
Hezetasuna eta hotza nahitanahiezkoak dira eguratsean elur-malutak sor daitezen.

Aurtengo negua, dudarik gabe, negu haizetsua bezala gogoratuko dugu eta ez negu hotza bezala. Baina, tira, elurraz orain hitz egiten ez badugu, noiz egingo dugu bada? Horrela, bide batez, eguraldiaz hitz egitea interesgarria dela ere frogatuko dugu, eta auzokoarekin igogailuan topo eginez gero, betikoa esaten ibili beharrean elur-malutei buruz asko dakizuela frogatzeko aukera izango duzue. Izan ere, ikerketa batzuei esker frogatuta gelditu da ezinezkoa dela bi elur-maluta berdin aurkitzea, eta hori elur-malutak sortzeko behar diren baldintza berezien ondorioetako bat da.

Baina, nola sortzen dira elur-malutak?

Elurra egiteko tenperatura baxua behar da, zalantzarik gabe, baina hori ez da baldintza bakarra. Izan ere, tenperatura hotz hori bezain beharrezkoa da eguratsak elur-malutak sortzeko adina hezetasun edukitzea eta airean partikula txiki-txikiak egotea. Adibidez, kea, hautsa edo harea bezalako partikulen presentzia nahitaezkoa da.

Hodei altuetan, hotzaren presentzian, airean dagoen ur-kantitatea partikula txikien inguruan izotz-kristal forman kondentsatu egiten da. Izotz-kristalek behar adina pisu hartzen duten heinean lurrerako bidea hartzen dute. Bide horretan, tenperatura desberdineko aire-geruzak iragaiten dituzte eta lurreraino iritsi ahal izateko, bistakoa da, bidean urtu ez daitezen, iragaiten dituzten aire-geruzak 0 gradu azpitik egon behar dutela. Atmosfera epelagora erortzean, izotz-kristal mikroskopikoak elkartu egiten dira eta horrela sortzen dira elur-malutak.

Baina, kasu, nahikoa da hiru baldintza horietako bat ez betetzea elurrik ez egiteko. Normala den bezala tenperatura altuegia bada, hezetasuna izotz bihurtu beharrean ur-tanta txiki bihurtzen da, eta ondorioz, euria egiten du. Baina, tenperatura altuegiak bezalaxe, tenperatura baxuegiak ere ez du elurra sortzen uzten. Horregatik esaten da batzuetan, hotz handiegia dagoela elurra egiteko. Izan ere, lurrazaletik gorantz egin ahala airea hoztu egiten da eta, ondorioz, hezetasuna galdu egiten du. Normalean, 0 ºC inguru egiten badu, izotz-kristaltxoak elkartu egiten dira, baina tenperatura gehiegi hoztean, hezetasun-eskasiagatik, gero eta zailagoa izaten da kristaltxoak elkartzea. Horrela, -20 ºC egiten duenean, ia ezinezkoa da elurra egitea.

Elur-maluta bikien bila

Izotz azaleran sortzen den geruza likidoak ematen dio elur-malutari bere forma.

Gauza jakina zen lehendik ere elur-malutak bakanak direla, alegia, ez daudela bi elur-maluta berdin. Eta noski, gizakiak dena jakiteko beharra duenez, gertaera horren zergatia ezagutu nahi izan dute hainbat ikerlarik. Elur-maluta bikirik zergatik ez dagoen lehenik ikertu zuen zientzialaria Ukichiro Nakaya izan zen. 1936an, Hokkaido Unibertsitateko laborategian elur-malutak ikertzen ari zela, airearen tenperatura apur bat aldatuta izotz-kristalaren forma aldatzen zela ikusi zuen. Nahiz eta bizi-iraupen laburra izan, elur-malutak, lurrerako bidean, tenperatura desberdineko guneak zeharkatzen ditu, eta horrek baldintzatzen du bere amaierako itxura. Lore, iratze, zulodun orratz, dendrita eta abarren forma desberdinetako elur-malutak daude.

Baina ez da hori egin den ikerketa bakarra. Kaliforniako Teknologia Institutuan, Ken Libbrecht fisikariak aldaketa horiek nola eta zergatik gertatzen diren zehaztu nahi izan du. Elur-malutak sortzeko baldintza egokiak bermatzen zituzten gela-hotzetan, Ken Libbrecht-ek ur-molekulak jaurti zituen izotz-kristalak nola eratzen diren aztertzeko. Berak dioenez, elur-malutaren enbrioia, hauts-partikula txiki baten inguruan biltzen den ur-molekulaz osaturiko hexagono-formako prisma bat da. Elur-maluta denek, beraz, oinarri bera dute. Zientzialarien ustez, elur-maluta bakoitzak forma berezi bat izatearen arrazoi nagusia izotz-kristalaren azaleran sortzen den geruza ia likidoa da.

Geruza hori sortzeko bi faktore hartu behar dira kontuan. Alde batetik, kristalaren azalera bera, eta bestetik, tenperatura. Izan ere, geruza ia likidoa kristalaren azaleraren arabera tenperatura batean edo bestean sortzen da. Baldintza konplexu horiek zein diren jakinda ulertzen da hobeki zergatik den ezinezkoa elur-maluta bikiak aurkitzea. Bestalde, azpimarratzekoa da geruza ia likidoa duten elur-malutak askoz azkarrago handitzen direla, geruza horrek elur-malutari beharrezko duen hezetasuna ematen baitio.

Baina ikerketa nonbait ez da hor amaitu. Tenperaturaren arabera, elur-maluta zein formatan hazten den identifikatzen ere saiatu dira. Dirudienez, elur-maluta tenperatura hotzetik iragaiten bada, besoak luzatu egiten zaizkio. Tenperatura epeltzen bada, berriz, besoak luzatu beharrean loditu egiten dira. Orotara, elur-malutak bost taldetan sailka daitezke eta forma horiek elurra eratu den mementoan zegoen tenperaturaren adierazleak dira. Ikerketa polit horrek ez pentsa gero ezertarako balio ez duenik. Izan ere, elurra aztertuz, altitude batean eta bestean dagoen tenperatura eta atmosferako aire-geruza desberdinak identifikatzeko asmoa dago.

Argi gelditu da behintzat, bi elur-maluta berdin sortzeko, bi prisma berdinek mikro eremu berdinak zeharkatu beharko lituzketela, eta hori, nekez gerta daiteke. Nekez, inoiz hitza zientzian debekatua dagoelako!

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia