Elikagaien Munduko Bira
2010/11/20 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Joan den urriaren 15ean, bi hilabeteko bidaia hasi zuen Asier Lopez ingeniariak, “elikadura-joeren ehiztariak”. Munduko txoko guztietako elikaduraren inguruko joerak Internetez jasotzea eta horien berri ematea da Food Trend Trotters (Elikagaien Munduko Bira) proiektuaren helburua. Eta erronka horri helduta abiatu zen, bada, Japoniara. Handik AEBra jo zuen, hilaren 8an; elikagaien berrikuntzan punta-puntakoak direlako hautatu dituzte bi herrialdeak.
Proiektua AZTI-Tecnalia Zentro Teknologikoak (itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatua) sustatzen du, Mondragon Innovation Knowledge (MIK, S.Coop.) kooperatibarekin batera. Espainiako Zientziaren eta Teknologiaren Fundazioaren (FECYT) laguntza du, eta IRTA zentro teknologikoarekin eta Basque Culinary Center-ekin elkarlanean dihardu.
Finean, merkatuaren zaintza-lanak bertatik bertara egitea da “elikadura-joeren ehiztariaren” zeregin nagusia. Hori baliagarria izango zaio AZTI-Tecnaliari ideiak eta informazioa eskuratzeko, horien bitartez gerora elikagaien eta edarien produktuen alorrean berrikuntza eragiteko.
Horiek horrela, Japoniako eta AEBko merkatuetan interes-gune anitzei behatu nahi diete: erosketa-ohiturak; elikagaien prestaketa eta kontsumoa; kontsumoan eragina duten alderdi kulturalak, sozialak eta demografikoak; elikagaientzako ontziak; eta elikagaien eta edarien produktuen osagaiak, besteren artean. Gainera, elikadura-produktuei dagokienez, gertutik aztertuko dituzte salmenta-guneetan, marketinean eta publizitatean egiten diren berrikuntzak, bai eta kontsumo-joera berriak ere.
Asier Lopezena ez da, hortaz, plazerezko bidaia gastronomiko soil bat. AZTI-Tecnaliak zehaztutako jarraibideetan oinarrituta, kontsumitzailearentzat eta elikagaien industriarentzat garrantzitsua den informazioa jaso behar du. Egitasmoaren azken hartzailea kontsumitzailea izanik, bere ikerlanak lau ardatz nagusi ditu oinarrian: elikadura eta osasuna, elikagaien segurtasuna, jasangarritasuna eta elikagaien industriari aplikatutako teknologia berriak.
Ikertzaile eta blogari
“Asier izena dut. Bilbokoa naiz. Japonian nago eta onigiri bat nola jaten den azalduko dizuet”, zioen Lopezek sarean eskegitako bideoetako batean. Egunero jasotako informazioa denbora errealean ematen dihardu Interneteko zazpi sare sozialen bidez (Twitter, FourSquare, Youtube, Formspring, Facebook, Flickr eta QIK), eta AZTI-Tecnaliako ikerlarien informazio teknikoarekin osatzen da lana. Bere ibileren berri ere blogean jaso daiteke.
Dastatzeko aukera duen oroz idazten du Asier Lopezek, eta azalpenak argazkiz eta bideoz atonduta eskaintzen dizkio publiko orokorrari. (Argazkia: syvwlch ).
Onigiri , surimi , somen , edari bitxiak, zapore berriak… dastatzeko aukera duen oroz idazten du Lopezek, eta azalpenak argazkiz eta bideoz atonduta eskaintzen dizkio publiko orokorrari. Interesa piztea lortu du behintzat, egunero jende ugari baitu bere urratsei segika (Facebooken, kasu, ia 400 jarraitzaile ditu).
Dibulgazio zientifikorako eta berrikuntza irekirako proiektu aitzindaria da Elikagaien Munduko Bira. Lehen “elikadura-joeren ehiztaria” da Lopez, eta lehen geltokia, berriz, Japonia eta AEB. Baina AZTI-Tecnaliak munduan zehar bidaiatzen jarraitu nahi du, “ehiztari” gehiagoren bidez, elikagaien berrikuntzan aitzindari edo berriak diren herrialdeetan arreta berezia jarrita.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia