}

Elgorria mundutik desagerteraztea, ezinezkoa ote?

1989/03/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

lgorria desagerterazterik ba al dugu? Desagerterazi egin behar al dugu? Lortuko al dugu? Lehen galderaren erantzuna arrazoi zientifikoetan oinarritua dago: elgorria desagerteraztea posiblea da.
Elgorria.

Lehen galderaren erantzuna arrazoi zientifikoetan oinarritua dago: elgorria desagerteraztea posiblea da. Baztanga mundutik desagertzeak zenbait eritasun kutsagarri erabat desagerteraztea posible dela frogatu zuen. Baztangaren eta elgorriaren artean desberdintasun nabarmenak dauden arren, badira antzekotasun epidemiologikoak ere. Kasu bietan, agente sortzaileak birusak dira (oso ezagunak diren larruazaleko erupzioak sortzen dituztenak) eta behaketa epidemiologikorako oso baliagarri den ezaugarria da hain zuzen. Bi eritasunek bizi guztirako inmunitatea damaigute. Ez dago gizakietan birus hauen eramaile kroniko asintomatikorik eta ezta animali erreserboriorik ere.

1963az gero badugu elgorriaren aurkako txerto eraginkor eta kaltegabeko bat. Oraintsu arte ez da sistematikoki erabili izan; zailtasun teknikoak bait zeuden (txertoetako birusaren bideragarritasuna ongi babesteko beharrezkoa zen metaketa, garraio eta salmenta-katea hotza; lortzea ia ezinezkoa). Gaur egun darabilgun txertoa termoegonkorragoa da, eta 3-4 astetan, liofilizaturik bere potentzia manten dezake tenperatura tropikaletan inolako hozketarik gabe.

Aurrerapen tekniko honi abantaila ekonomiko bat gehitu zaio; elgorriaren aurkako txertoak, dosi bakoitzeko, 450 pezeta besterik ez bait du balio.

Ikusitakoaren arabera, elgorria desagerterazterik badugunaren arrazoi zientifikoak sendoak dirudite. Jarrai gaitezen aurrera, eta ekin diezaiogun bigarren galderari. Elgorria desagerterazi egin behar al dugu? Munduko baliabideak hain urri diren garai hauetan, eritasun honen aurka dirua gastatzeak eta giza indarrak erabiltzeak merezi al du?

Erantzuna kasu honetan ere baiezkoa da; elgorria desager-terazi egin behar dugu; osasun-arrazoiengatik eta baita arrazoi ekonomikoengatik ere.

Osasun-arrazoiak

Elgorria, premiarik gabeko oinazeen, hilkortasun goiztiarraren eta gastu ikaragarrien arrazoi garrantzitsua da. Populazio isolatuetan ezik, elgorria unibertsala da ia eta pertsona gehienek eritasuna 15 urte bete aurretik jasaten dute. Elgorria, edozein egoeratan dela ere, konplikazio grabeen iturri izan daiteke: beherakoak, entzefalitisa, belarriko otitisa, pneumonia, etab.

Arrazoi ekonomikoak

Elgorriaren aurkako txertoa erabiliz egindako prebentzioak, EEBBetan 1963-1972. urteetan urtero 130 milioi dolarreko aurrezpena eragin duela kalkulatu da. Gaur egun, urtero 500 bat milioi dolar aurrezten direla pentsatzen da. Herrialde horretan elgorriaren aurkako txertaketaren kostua/mozkina erlazioa 1:10ekoa dela kalkulatzen da. Eta inbertsio horren irabaziak oraindik ere handiagoak izango lirateke garapen bidean dauden herrietan; elgorriari zor zaizkion erikortasun eta hilkortasuna askoz ere handigoak bait dira azken hauetan.

Elgorriaren desagertzeari buruzko hirugarren galderari erantzutea zailagoa da. Lortuko al dugu? Mundu osoan eritasun hori desagerterazteko adina borondate sozial bildu ahal izango ote dugu? Denbora luzean seguraski ez dugula lortuko pentsatzea bidezkoa da.

Arazo honi buruzko eritziak beti bat ez datozen arren, eritasunaren desagertzea merezi duen helburua da, zalantzarik gabe. Eta erakunde eta nazio-mordo bat ari da lanean, zentzu honetan, hemendik 1990. urterako mundu osoko ume guztiek bost eritasunen aurkako inmunizazio (edo txertaketa) sistematikoa edukitzeko aukera izan dezaten.

Elgorria desagerteraztea lortuko al dugu?

galderari erantzun errealista eman nahi badiogu, baztangak elgorriarekiko dituen zenbait ezberdintasun ere kontutan eduki behar ditugu. Elgorria oso eritasun kutsagarria da; bapatean agertu eta oso azkar hedatzen dena. Ezaugarri hauek baztangaren oso bestelakoak dira; eritasun hau mantsoago hedatu eta neurri gogorrak hartuz gero nahikoa ongi kontrola bait zitekeen.

Bi eritasunen arteko ezberdintasun honek zera esan nahi du: elgorria desagerteraztea helburutzat duen edozein programatan ezinbestekoa litzatekeela oso inmunizazio-indize altuak lortu eta mantentzea (agian %90etik gorakoak). Han-hemenka kasu indibidualak sendatuz eta kontrolatuz baztanga desagerteraztea lortu zen arren, populazio orokorraren inmunizazio-tasak ez ziren %50 baino handiagoak izaten. Elgorriaren aurkako inmunizazioa arrakastaz eta aldi berean aplikatu beharko litzateke nazio jakin bateko eskualde guztietako umeetan, helburu hori lortzekotan. Elgorriaren transmisioa deusezteko, beraz, beharrezkoa da populazioaren gehiengoa sistematikoki txertatzeko gauza den lehen mailako atentzio iraunkorreko azpiegitura edukitzea.

Azken ezberdintasun garrantzitsua ere badago: elgorriaren behaketa-lanek baztangarenekin konparatuz suposatzen duten zailtasun handiagoa. Ez da harritzekoa elgorria larruazaleko erupzio edo gorriuneak sorterazten dituzten beste eritasun batzuekin nahastea, eta bestalde, elgorriak luzarora erraz ezagutzen diren marka edo seinaletik ez du uzten, baztangaren orbainekin gertatzen zen bezala (kasu hauetan gauza jakina zen pertsona hori baztangaren aurka inmunizatua zegoela). Horregatik, datu fidagarririk eduki ezean, beharrezkoa izango da, noizean behin, ikerketa serologikoak egitea, eta honek, noski, gastuak gehitu egiten ditu.

Elgorria mundu osotik desagerterazteak ahalegin eta esfortzu berezi bat merezi duelakoan nago. Osasun publikoaz arduratzen diren nazioarteko erakundeak horretan borrokatu beharko dira, baina ezin esango dugu berehala lortuko dugunik. Arrakasta, borondate eta ekimen orokor baten froga izango da eta agertuko den elgorri-kasu bakoitzak hutsegiteak neurtzeko balioko du. Hemendik aurrera ezta elgorri-kasu bakar bat ere!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia