Elektrizitate ibiltaria
2008/02/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Ibiltzeko prozesuan, giza gorputzak energia gutxi xahutzen du, baina, Michigango Unibertsitateko ikertzaile batzuen arabera, Estatu Batuetan, energia gutxi hori jaso eta elektrizitate bihur daiteke. Horretarako, gailu berezi bat ari dira garatzen; hori belaunari helduta, ibiltze-prozesuan sortzen den energia jasotzen du. Gailua hobetu egin behar dute oraindik, besteak beste 1,6 kilo pisatzen duelako eta traba handia egiten diolako ibiltariari, baina ikertzaileek frogatu dute elektrizitatea modu eraginkorrean lor daitekeela horrela.
Eraginkortasun hori belaunaren mugimenduaren azterketatik abiatuta lortu dute. Ibiltzean, pauso bakoitzean belaunak aurrera egiten duenean, abiadura hartzen du. Oinak lurra ukitzen duenean, belauna balaztatu egiten da oinaren gaineko posizio berrian. Hain zuzen ere, gailuak jasotzen duen energia belaunaren balaztatze-energia da. Gailuak pisua duenez, ibiltariak indar gehigarri bat egin behar du gailua jantzita ibiltzeko, baina ikertzaileek lortu dute energia gehigarri hori baino gehiago jasotzea; telefono mugikor bat edo GPS bat martxan jartzeko adinako energia, haien esanean.
Argazkia: Science
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia