Elefanteen arteko komunikazio txundigarria
2001/09/02 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Elefanteak urrutiko ekaitzak eta 50 kilometrora dauden ehiztariak sumatzeko gai direla dirudi. Ezinezkoa da hain eremu handietan, entzumenaz edo usaimenaz baliatzea, baina, orduan, zerk bultzatzen ditu horrela erreakzionatzera? Zein dira jasotzen dituzten seinaleak? Lynette Hart zoologoa, beste hainbat adituren laguntzari esker, galdera horri erantzuna atzeman diolakoan dago. Seguru dago elefanteek beraien artean uhin akustiko eta sismikoen bitartez komunikatzen dutela. Baina elefanteak burutsuak dira eta elefante-taldeak aztertzeak ezusteko bat baino gehiago ematen du.
Hasierako jakin-mina
Elefanteek urruneko bibrazioak senti ditzaketen lehen benetako susmoak 1992an sortu ziren, Caitlin O'Connell-Rodwell-ek Namibiako elefante batzuen jokamolde bitxi hau ikusi zuenean: "Gelditu, aurrerantz makurtu eta oin bat altxatzen dute". Arraroa izanagatik ere, ikertzaileari portaera hori ezaguna egiten zitzaion eta, ez da harritzekoa, zarata isilak sentitzean, intsektu batzuk gauza bera egiten ikusiak baitzituen. Jokabide hori honela azaldu zuen O’Connell-Rodwell-ek: "Oin bat altxatuta, beste hiru oinekin hobeto lotzen zaizkio lurrari" eta, beraz, hobeto sentitzen dituzte lurreko mugimenduak. Baina zehazki zer sentitzen duten definitu gabe itzuli zen Estatu Batuetara.
Itzuleran, ikusitakoa Lynette Harti kontatu zion, baita liluratuta utzi ere. Elefanteak uhinen bidez komunikatzen diren susmoa zegoen, baina, esaera zaharrak dioen bezala, usteak erdia ustel. Susmoak egiaztatu egin behar dira eta, horretarako, ezinbestekoa zen elefante taldeak aztertu eta neurketa sismikoak egitea. Zorionez, Lynette Hartek ez zuen zailtasunik izan horretan lagunduko zion pertsona aurkitzen. Urrunera jo gabe, bere anaia Byron Arnason geofisikariak eman zion esku-kolpea. Beharrezko materiala eta ezagutza eskuan zituela, beste guztiekin batera, Texaseko santutegi batera joan zen entzun, ikusi eta ikastera.
Horrela hasi zen elefanteen jokamolde hori ikertu eta hasierako galderei erantzunaren zati bat behintzat emango zien lana.
Bidalitako zeinuak neurtzen
Byron Arnasonek, aireko zein lurreko uhinen neurketak aztertuta, elefanteen komunikazio zeinuek lurrean barna garraiatuak izateko ezaugarri egokiak zituztela ondorioztatu zuen. Airearen bibrazioak neurtzeko, elefanteetatik 10 metrotik 45 metro bitarteko zirkunferentzian mikrofonoak jarri zituzten, baita lurreko uhinak neurtzeko geofonoa ere. Horrela konturatu ziren uhin akustikoek eta uhin sismikoek ez zutela abiadura bera. Horrez gain, zein erritmotan desagertzen ziren neurtu zuten eta lurrean barna airean baino gehiago irauten dutela ikusi zuten. Bestalde, elefanteek egiten duten soinua ez dela 10 kilometro baino lehen desagertzen eta, kexu edo urduri daudenean, 32 kilometro barreiatzen dela ziurtatu zuten.
Nola jasotzen dituzte komunikazio zeinuak ?
Komunikazio sistema osatzeko, igorle bezain garrantzitsua da hartzailea. Hortaz, uhinak bidaltzen dituztela jakiteak, bigarren galdera bat eginarazten du. Nola egiten dute uhin akustikoak eta sismikoak jasotzeko? Galderaren lehen zatia Oregoneko Zientzia eta Teknologia Institutuko Bets Rasmussen adituak erantzun zuen. Rasmussenek, elefanteek beren usaimen garatua nola erabiltzen duten ikertzeko Indian egindako lana gogoan, hauxe erantzun zien: "Seinaleak tronparekin igartzen dituztela uste dut".
Rasmussen izan zen elefanteen tronpak ikertzen lehena eta, bere garaian eginiko lanean, elefanteek feromonak nola igartzen dituzten ikertu zuen. Feromonak animalia batek ingurunera kantitate txikian jaurtitzen dituen substantziak dira, eta espezie berekoengan portaera jakin batzuk sorrarazten dituzte. Elefanteen kasuan, feromonak ahosabaian dituzten organo berezi batzuei esker detektatzen dituztela ordurako jakina zen, baina Rasmussenen ikerketa haratago joan zen. Ahosabaian ez ezik tronparen puntan ere errezeptore kimikoak dituztela ohartu zen.
Lynette Hartekin egin zuen ikerketan ez zuen seinale kimikorik aurkitu. Ordea, uhinak detektatzen dituzten zelula espezializatuak, Panician globuluak deituak aurkitu zituen. Zelula horiek, tipula baten antzera, bata bestearen gainean dauden geruzez osatuta daude. Azken horiek, uhinen eraginez, deformatu egiten dira eta garunera seinalea bidaltzen dute. Globulu horiek beste ugaztun batzuetan ere aurkitu dituzte, hala nola, gizakiaren ermamietan, baina elefanteetan baino askoz kontzentrazio txikiagoan.
Ondorio harrigarri horietara iritsi arren, Lynette Harti eta O’Connell-Rowelli oraindik beste galdera bat gelditzen zitzaien erantzuteke. Uhinak tronparekin detektatzen badituzte, zergatik dute oina altxatzeko ohitura? Ikertzen jarraitu eta denbora gutxira aurkitu zioten galdera horri ere erantzuna.
Elefanteak behatzen gainean egoten dira eta behatz horiek oin azpiko ehun adiposoan finkaturik daude. Uhin sismikoek ehun adiposoa puztu egiten dute eta horrek, tronpan ez ezik, oinetan ere badauden zelula berezi horiek estimulatzen ditu. Lehen esan bezala, hiru oinen gainean egoteak uhinak hobeki sentitzen laguntzen die.
Ikerketa horrek ikusmin handia sortu zuen adituen artean eta ondorioak beste jokamolde batzuk azaltzeko baliagarri izan ziren. Adibidez, elefante batek, hildako beste bat topatzen duenean, oinarekin laztantzen duela bazekiten ikertzaileek, baina ez zuten ulertzen zergatik. Orain, ikerketa berri horrekin, elefanteen oinak uste baino organo sentikorragoak direla uste da.
Elefanteen arteko komunikazioaren garrantziaz jabetzeko ikerketa garrantzitsua izan da Lynette Hart eta O’Connell-Rodwellena. Orain argi dago, eremu handietan sakabanatuta egon arren, uhin sismiko zein akustikoei esker, elefanteek ez dutela batere arazorik norabide berean ibiltzeko. Gainera, elefanteek seinalea zein distantzitatik datorren zehazteko uhin akustikoak eta uhin sismikoak aldaratzen dituztela uste da. Era berean, seinalearen noranzkoa definitzeko nahikoa dute seinalea lehenik zein oinetatik jasotzen duten kontuan hartzea.
Mila galdera airean
Esan bezala, aipatutako ikerketa biziki baliagarria izan da elefanteen jokamoldea ulertu eta gizakiak sentitu edo ikusi ezin duenaren garrantziaz jabetzeko. Baina ikerketa guztiek bezala, horrek ere, erantzun baten ostean, mila galdera berri sortzen ditu.
Adibidez, uhin batetik besterako aldaketak iraupenean eta maiztasunean soilik oinarritzen direnez, bidalitako seinaleak sinpleak izan behar dute. Baina nola identifikatzen dituzte seinaleok? Zein da seinale bakoitzaren esanahia? 50 kilometrora dagoen talde batek ehiztarien helikopteroaren uhinak ala arriskuan dagoen elefante taldearen lasterketa sumatzen du? Nolatan igartzen dute 150 kilometrora dagoen ekaitza?
Era horretako galderak erantzuteke daude. Oraindik badago zer ikasi eta, gainera, ez dirudi galdera horien erantzunak berehalakoan atzemanen direnik. Esan bezala, elefantea animalia burutsua da eta, uhina detektatu arren, aparteko garrantzirik ez duelako edo batek daki zergatik, entzungor egin diezaioke eta horrek asko zailtzen du zein uhin detektatzeko gai den definitzea.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia