}

Elefante-belarrez egindako plastiko biodegradagarriak

2001/03/07 Astobiza, Amaia

Europan, egun, hamar milioi ibilgailu baino gehiago desegiten dira urtero. Baina ibilgailuak desegiteko tokira eramaten direnak asko badira ere, asko dira, halaber, edozein tokitan abandonatzen diren ibilgailuak. Eta, abandonatu bezain laster, ibilgailuak hondakin bihurtzen dira, nekez ezaba daitezkeen hondakinak, gainera. Arazo horri aurre egiten hasteko, ikertzaileak elefante-belarra (miscanthus) erabiltzen ari dira ibilgailuetarako plastikozko atal biodegradagarriak egiteko.

Proiektu horretan elkarlanean ari direnak Warwick Unibertsitateko Warwick Manufacturing Group taldeko Nick Tucker eta Mark Johnson ikertzaileak eta Bical enpresako nekazariak dira. Bical enpresa (Biomas Industrial Crops Limited) mendebaldeko herrialdeetako nekazariez osatutako taldea da eta beren helburua miscanthus landarearen potentziala esplotatzea da; enpresa, honezkero, multinazional bilakatu da.

Miscanthus oso hosto iraunkorreko landarea da eta ematen dituen banbu-itxurako kanaberak 3 metro luze izatera hel daitezke. Berez, elefante-belar izena beste landare bati dagokio, Pennisetum purpureum landareari. Baina, duen tamainagatik, miscanthus landarearentzat ere izen bera erabiltzen hasi ziren. Landarearen produkzioa garbia da, ia ez baitu pestizida edo ongarririk behar eta, Britainiako hegoaldean, hektarea bakoitzeko 15 tona biltzen dira. Egun, nekazariek abereentzako azpiak eta lastozko teilatuak egiteko erabiltzen dute elefante-belarra, baita erregai gisa ere, energia lortzeko.

Orain arte egindako ikerketetan, miscanthus landarea ibilgailuen plastikozko zatien egituraren betegarri biodegradagarri gisa erabil daitekeela erakutsi dute. Izan ere, elefante-belarra bestela ahulegia den plastiko biodegradagarriari gogortasuna emateko erabiltzen da. Baina, inork bestelakorik pentsa badezake ere, elefante-belarrez egindako plastikozko zatiak ez dira ibilgailuaren bizitzan zehar degradatzen; horretarako, ezinbestekoa da, ibilgailua gehiago ez erabiltzea erabakitzen denean, zati horiek konpost bihurtzea.

Ibilgailuetako plastikozko zatiez gain, ikertzaileek miscanthus landarearekin beste produktu batzuk ere egin nahi dituzte eta horretarako beharrezkoak diren teknikak garatzen ari dira. Proiektuen artean landarea zurezko produktuak, paper-orea, xaboia eta eskuak garbitzeko produktuak egiteko erabiltzea daude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia