Ekuazioak larruazalaren eboluzioarentzat

Ikusgarriak eta erakargarriak dira hainbat animaliaren larruak. Batzuk marratuak dira, zebrarena adibidez, beste batzuk puntuz josiak, lehoinabarrarena esaterako. Eta banako bakoitzak marrazki berezi bat du. Gainera, dirudienez, marrazki hori aldatzen joaten da animaliak adinean aurrera egin ahala, konplexuagoa bihurtzen da. Bada marrazkiaren eboluzio hori azaltzeko eredu matematikoak nola erabili aurkitu dute matematikari batzuek.

Animalien larruaren marrazkiak aspalditik ikertzen dituzte. 1952an plazaratu zuen Alan Turing-ek oinarrizko ekuazioa, larruaren marrazkiak jarraitzen duen ereduaren ekuazioa, alegia. Erreakzio-difusio ekuazioen bidez azaldu zuen Turingek enbrioi-garaian larruazalaren marrazkiak nola sortzen diren. Ekuazio horiei esker, hainbat animaliaren larruen marrazkiak erreproduzitu ahal izan dira.

Baina animalia baten larrua aldatzen joaten da adinean aurrera egin ahala, eta marrazkiak konplexuak egiten dira. Bada, helduen marrazkiak erreproduzitzeko, Turingen ekuazioak bi aldiz erabili behar omen dira: lehenengo aldian animaliaren txikitako eredua bilatu behar omen da, eta parametroak aldatu, eta bigarrengoan iristen omen dira helduaroko marrazkira.

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali