}

Ekologikoak ez dira nutritiboagoak

2008/10/28 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Jende askok erosten ditu elikagai ekologikoak (eta askoz garestiago ordaintzen ditu), besteak beste, pestizidak eta ongarri mineralak erabilita hazitakoak baino elikagarriagoak direlakoan.
Pestizidarik ez duten elikagaiak erosten ditu jende askok. (Argazkia: D'Arcy Norman )

Bada, Jorunal of the Science of Food and Agriculture aldizkarian argitaratutako artikulu batean ezeztatu egin dute uste hori Kopenhageko Unibertsitateko Giza Elikaduraren saileko talde bateko kideek. Esan dutenez, ez dago frogarik horrelakorik esateko.

Ekologikoa izateak elikagarritasunean eraginik duen edo ez argitzearren, esperimentu bat egin zuten. Azenario-, ilar-, sagar- eta patata-landare batzuk hartu, eta hiru lursailetan hazi zituzten. Lursailetako batean ez zuten inongo pestizidarik erabili, eta simaurrez ongarritu zuten lurra; hau da, nekazaritza ekologikoari jarraituz hazi zituzten. Beste batean pestizidak erabili zituzten, eta simaurrez ongarritu zuten lurra. Eta, azkenik, hirugarrenean pestizidak eta ongarri mineralak erabili zituzten landareak hazteko. Hiru lursailak elkarren ondoan zeuden; hau da, guztien ezaugarriak antzekoak ziren, eta eguraldi-kondizio beren mende egon ziren. Eta uzta ere une berean bildu zuten.

Esperimentu batean ikusi dute elikagai ekologiko eta ez ekologikoetan kantitate bertsuetan ageri zirela osagai elikagarriak. (Argazkia: International Rice Research Institute )

Bildutakoa aztertu zutenean, ikusi zuten hiru bideetatik lortutako elikagaietan kantitate bertsuetan ageri zirela osagai elikagarriak (desberdintasuna ez zen esanguratsua); alegia, ekologikoki hazitakoak ez zirela nutritiboagoak. Gainera, bildutako horrekin hainbat animalia elikatu zituzten bi urtez, eta elikagaiak hazteko moduak animalien atxikitzeko gaitasunari eragiten ote zion neurtu zuten. Horretarako, animaliok barneratzen eta kanporatzen zituzten mineralak neurtu zituzten. Berriz ere ikusi zuten ez zegoela desberdintasun esanguratsurik bide batetik nahiz bestetik hazitako elikagaiak jan zituzten animalien artean.

Ezertarako ez?

Harri eta lur geldituko zen bat baino gehiago; haserrea ere piztuko zitzaion baten bati aurreko hori irakurritakoan. Nola esan daiteke nutritizioaren aldetik berdinak direla ekologikoki hazitako elikagaiak eta ohiko dendetan erositakoak?

Hortxe dago koska. Agian onartu beharko dugu ingurune-kondizio beretan hazitako eta une berean jasotako elikagaiek elikatze-gaitasun bera dutela, hazteko erabili ditugun baliabideak edozein direla ere.

Eguneroko bizitzan, ordea, jakin badakigu ohiko dendetan erositako elikagaiek, batez ere produktu freskoek (barazkiek eta fruituek, esate baterako), askotan ez dutela zapore handirik izaten, eta, noski, elikadura aldetik ere askoz pobreagoak direla. Hori horrela izaten da, aipatutako esperimentuan ez bezala, fruituen eta barazkien industrian askotan ondu gabe daudenean biltzen dituztelako elikagaiak, ekologikoki hazitakoak baino askoz lehenago.

Ondu gabe daudenean biltzen dituztelako elikagaiak askotan fruituen eta barazkien industrian. (Argazkia: Morguefile )

Ontzeko denborarik ematen ez dietenez, fruituek ez dituzte ekoizten bitaminak, usaina eta zaporea ematen dizkieten substantziak. Biltegietan gordetzen dituzte, eta, saltokietara eramateko unea iristen denean, artifizialki onarazten dituzte. Ekoizpena da lehentasuna; ahalik eta gehien ekoitzi behar dute, eta ahalik eta itxura onena izan behar du ekoiztutakoak.

Hortaz, sekula ez dira parekatzeko modukoak izango beren landarean zintzilik ondutako fruituen kalitatea eta biltegietan modu artifizialean hazitakoena. Eta barazkien eta fruituen industriak ez bezala, nekazaritza ekologikoan ekoizpenaren aurretik jartzen dute produktuak kalitate onekoak izatea, eta hazteko erabiltzen dituzten lurzoruak zaintzea. Horregatik ez dute erabiltzen laborategietan sortutako ongarririk, pestizidarik eta bestelako produkturik. Eta horregatik, hain zuzen, ordaindu behar izaten dute hainbeste horrelako elikagaiak erosten dituztenek.


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia