}

Ehunka urtetan planeta berria

2002/11/29 Elhuyar Zientzia

Planeta berri bat sortzea milioika urteko prozesu baten ondorioa dela uste izan dute orain arte astronomoek. Hala ere, eredu matematiko berri bati esker, gasezko planeta erraldoiak sortzeko ehunka urte nahikoa direla ikusi dute Washingtongo Unibertsitatean.

Orain arteko teoriaren arabera, izar gazte bat inguratzen duen disko protoplanetarioa apurka-apurka kondentsatzean sortzen dira planetak. Gero, planeta erraldoiek gasezko estalkia hartuko lukete, milioika urte irauten duen prozesu baten ondorioz.

Eredu matematiko berriak, aldiz, hankaz gora jarri du teoria hori. Eredu horren arabera, eratzen ari diren planetek oso gertu duten izarraren eragina jasan beharra daukate. Izarrak planetaren inguruan pilatutako gasak bero eta sakabana ditzake; eta sorrera-prozesua luzeegia bada, gasak desagertzeko arriskua dago.

Arrazoi horregatik, planeta erraldoien sorrera oso epe laburrean gertatzen dela esan dute, ehunka urtetan. Disko protoplanetarioa hainbat zatitan hausten da eta orduan sortzen dira planeta berriak; eta sortu eta berehala hasten dira gasak bereganatzen.

Gasezko planeta erraldoi ugari daude Unibertsoan. 1990.eko hamarkadan exoplanetak bilatzen hasi zirenetik, gutxienez 100 gasezko exoplaneta erraldoi aurkitu dituzte. Hori ez litzateke horrela izango orain arte onartua zegoen teoriaren arabera: oso kondizio bereziak beharko lirateke gasezko planeta erraldoi bat sortzeko eta oso fenomeno arraroa izango litzateke. Hala ere, horrelako planetak nahiko ohikoak direla ikusi denez, zientzialariek teoria berria egokiagoa dela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia