Museoak gure garaiko komunikazio-espazio bat dira. Berez, museoen mundua ezin da isolatu egungo lengoaietatik eta baliabideetatik[1]. Izan ere, “objektuen bilduma, kontserbazioa, sailkapena eta erakusketa” hutsean jardun ordez[2], Euskal Herriko museo gehienek —historia-, artea-, etnografia-, industria- ala zientzia-museoak izan— objektuaren eta bisitariaren arteko komunikazio-prozesu bat ezartzen dute. Eta hainbat hizkuntzaren bidez egiten dute hori: objektu-museoetako ikus-hizkuntza tradizionaletik hasi (adibidez, museo industrialetakoa eta arte-museoetakoa), eta ideia-museoetako hizkuntza interaktibo eta birtual modernoenetaraino (interpretazio-zentroetakoa eta zientzia-museoetakoa). Lehenengoek pertzepzio-kontenplaziozko harremana hasteko aukera ematen diote bisitariari; bigarrenek, berriz, harreman komunikatibo eta parte-hartzailea bilatzen dute.
Hala ere, artearen edo zientziaren eta teknikaren museo publiko eta pribatuetan nabarmena dena unibertsitate-museoetan ere nabarmena da, baina badira desberdintasun garrantzitsu batzuk. Egia esan, Euskal Museoak oso modu aberatsean uztartzen ditu formakuntza eta ikerketa akademikoa. Objektu-museoek eta ideia-museoek ez bezala —zeinek lehentasuna ematen baitiote dibulgazioari, ondarearen kontserbazioari edo kultura-entretenimenduari—, Euskal Museoak esparru akademiko baten barruko jakintzaren transmisioan eta ezagutza berria sortzean jartzen du arreta. Berez, baliabide-, bilduma- eta ideia-multzoa eskaintzen die bisitariari eta espezialistei, eta, hala, museo- eta ikerketa-funtzioak biltzen dituen espazioa bateratua osatzen du.
Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak 2025ean antolatutako “Mikroskopioak eta medikuntza” aldi baterako erakusketa iragartzeko panela.
Museoa eta unibertsitatea elkarri lotuta daude hasiera-hasieratik. Ikasten duguna bagara, unibertsitate-museoetan ikusten dugu gure prestakuntza. Han ikusten dugu gu —gizabanako, kultura, herri eta gizarte gisa— nola prestatu garen irakaskuntzaren, ikaskuntzaren eta ikerketaren bidez. Europan, bildumak —berdin fisikakoak, astronomiakoak, natura-zientzietakoak ala medikuntzakoak izan— Erdi Aroko eta Errenazimentuko unibertsitate zaharrenen museoen enbrioiak dira (Bologna, Paris eta Oxford, kasurako), eta Ilustrazioaren espiritu moral, aurrerakoi eta arrazionalean dute beren osotasun eta oinarria. Arrazoia, behaketa sistematikoa eta esperimentazioa dira; aurrerapena eta eboluzioa mezuak dira; eta museoak dira ikasteko bidea. Fisikako kabineteak, lorategi botanikoak eta anatomiako anfiteatroak gorpuzten dute irakaskuntza praktikoa.
XX. mendean, Europan zein Euskal Herrian, "bigarren belaunaldiko” unibertsitate-museoak sortu ziren, bilduma historikoz hornituak, horiek ere irakaskuntza eta ikerketa zutelarik helburu[3]. Marta C. Lourençoren hitzetan, unibertsitatea parerik gabeko ondarearen “sorgailu naturala” da, hainbat etapatan museoak sortuz joan dena, Errenazimentuko bilduma erudituetatik Ilustrazioko kabinete zientifikoetara, eta handik XX. mendeko historia-museo eta laborategi-museoetara[4]. Zientziaren historiari eskainia, Euskal Museoa azken talde horretakoa da. Museo honetan, berrikuntza- eta sormen-laginak eta praktika tradizionalak elkarrekin lotutako narraziotzat har daitezke, eta guztiak ere katalogoen, panelen eta etiketen lerroen artean irakurtzera gonbidatzen gaituzte. Eta, hori egitean, museoan ikusgai dauden objektuen historiaz ez ezik, gure gizartearen eta haren erakundeen historiaz ere ikasten dugu.
Gogoeta horiek Eusko Ikaskuntzak 1987an argitaratu zuen Euskal Herriko Museoen Erroldari arreta handiz begiratzera eramaten gaituzte. Eusko Ikaskuntzak "banandutako objektu-bilduma egonkor" gisa deskribatu zituen museo hauek orduan, "sortu eta bizia eman zuen herriaren bilakaera historikoaren isla" ziren erakunde gisa. Eusko Ikaskuntzak 39 museo zerrendatu zituen, eta horietako zazpik laborategi- eta ikerketa-atala zuten. Horien artean arkeologia, ozeanografia eta etnografia museoak zeuden, baita medikuntza eta zientzia historiari buruzko bat ere (EHUko Euskal Museoa). Eusko Ikaskuntzaren iritziz, "bilduma egonkor" horiek "gure ondarearen parte" ziren, nahiz eta askotan ez zegoen ondo egituratuta, ez eta behar bezain ikusgai ere[5]. Beharbada, orduko mugengatik—edo muga horiek izan arren—, beren eginkizun nagusia kultura-ondarea zaintzea zen, hau da, industrializazioaren, eskulangintzaren eta ohitura tradizionalen historiaren lekukotasunak zaintzea, babestea eta erakustea.
“Stultifera Navis. Zoroen untzia” erakusketaren katalogoa, Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa, 2006.
Duela ia berrogei urte Eusko Ikaskuntzak egindako balorazioa egokia bazen ere, gaur egun berrikusi egin behar da oinarri hura, Euskal Museoari dagokionez behintzat. Lehen etapan—José Luis Goti medikuaren zuzendaritzapean (1982-1998)—, ikerlanak Euskal Herriko zientziaren jatorrietan oinarritu ziren, baina hurrengo etapan —gaur arte haren oinordekoa izan den Anton Erkorekaren zuzendaritzapean—, Museoa zabaldu, eta ospea irabazi du nazio eta nazioarte mailan. Alde batetik, Museoko aretoek aldi baterako erakusketa ugari hartu dituzte ordutik, hainbat gairi buruzkoak, hasi mikroskopio eta hidrologia medikotik, eta elektroterapia, tuberkulosi eta psikiatriaraino (Stultifera Navis), eta erakusketa- eta dibulgazio-modu berriak estilizatu dituzte (guztien katalogoak eta gelen edukiak Museoaren webgunean daude ikusgai). Bestalde, gero eta geldiezinagoa den uste eta joera globalizatzaileen hedapena tokiko ondare eta ezagutzekin alderatu daiteke.
Hala, bisitariek tokiko esperientziari, lekukotasunari eta praktikei ematen diete lehentasuna. Hori agerian geratzen da herri-medikuntzako eta Basurtuko ospitaleko farmazia zaharreko erakusketetan, non produktu natural eta kimikoz betetako mila flasko baino gehiago erakutsi baitira; bai eta Museoko 24 geletan ikusgai dauden 6.000 objektu baino gehiagotan ere. Azkenik, Museoko liburutegiari esker (12.000 liburu baino gehiago ditu), ikertzaileek medikuntzaren historiari, espezialitate medikoei eta gai orokor eta lokalei buruzko lanak kontsultatu ditzakete. Orobat dago kontsultagai mediku eta unibertsitateko irakasleen fondoen artxibo historikoa[6].
Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoko odontologia gela.
Michael Foucaultek zioen bezala, museoak heterotopiak dira, hau da, leku desberdinak (zientifikoa, herrikoia, artistikoa) esparru bakar eta berean konbinatzen dituzten espazioak[7]. Esperientzia disruptiboa dira eguneroko espazioaren aurrean. Euskal Museoa museo foucaultiar bat da: historia, zientzia eta jakintza herrikoiaren atalak leku berean hartzen ditu. Beraz, konpentsazio-espazio bat da. Gaur egun, ordea, nolabait, zalantzan jartzen ari da museoaren funtzio akademikoa, "zientzia-zentroen" arrakastaren ondorioz, zeinak ideiaren museologian oinarritzen baitira. Hori da Donostiako Miramonen egoitza duen Eureka Zientzia Museoaren kasua, adibidez. Unibertsitate-museoek ez bezala, zentro horiek hiru alderdi eskaintzen dizkiote bisitariari: kultura, hezkuntza eta aisialdia; eta gailu interaktiboak erabiltzen dituzte komunikazio-estrategia gisa. Bisitariak aktiboki parte hartzen du, miaketen, esperimentazioen eta manipulazio teknikoen bidez. Interaktibitatea museo-kontzeptu giltzarria da: bisitariak zuzenean eta modu ludikoan esperimentatzen eta deskubritzen du gertaera zientifikoa[1]. Aldiz, Euskal Museoak bestelako estrategia eta narratiba baten aldeko hautua egin du. Ikerketa sustatzea eta ezagutza sortzea lehenesten ditu. Bisitariari ez zaio uzten objektuak manipulatzen edo ukitzen; jakin-min zientifikoa ez da pizten interaktibitatearen eta jolas-esperientzien bidez, baizik eta miaketaren eta hausnarketaren bidez. Objektuei begiratzen die, haien arteko erlazio inplizituak aztertzen ditu, eta zalantzan jartzen sortze- eta esanahi-testuinguruak. Jarduteko modu desberdinak: zientzia gogoeta bidez aztertzea eta ezagutza lokalak eta globalak sortzea esparru akademiko baten barruan.
Beste erakunde akademiko askotan bezala, nahiak anbizio handiagokoak izaten dira lorpenak baino museoetan. Hala ere, EHUko Euskal Museoaren lorpenak ez dira hutsaren hurrengoak eta bere nahien mailara iritsita daude. Izan ere, ugariak dira inpaktu handiko aldizkari nazional eta nazioartekoetan argitaratutako artikuluak, baita ospe handiko argitaletxeetan argitaratutako lanak ere, hala nola Oxford University Press eta Routledge argitaletxeetan[8]. Hasieran Museoko monografiak museologia medikoari eta tuberkulosia, izurria eta beste zenbait gaixotasunen historiari buruzkoak baziren ere, gero, Anton Erkorekaren eskutik, pandemien eta bereziki gripe espainiarraren historiari heldu zioten, bai eta COVID-19arekin zituen paralelismoak aztertzeari ere. Museoko beste ikerketa-ildo batzuk meteorologia eta geofisikaren historia eta fisikaren eta industriaren arteko harremanak izan dira, eta arreta berezia eman zaio interes komertzialek kontzeptu eta teoria zientifikoetan izan duten eraginari. Jesuiten eta zientziaren arteko harreman historikoak ere aztertu izan dira, ezagutza-sareen ikuspuntutik betiere. Horretan guztian lagungarria izan da, zalantzarik gabe, Euskal Museoa, 2009. urteaz geroztik, Agente Zientifiko Teknologiko akreditatua izatea eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratu egotea[6].
Laburbilduz, Euskal Museoak etorkizun oparoa du aurrean. Dagoeneko ez da sakabanatutako objektuen bilduma hutsa, 1980ko hamarkadan zen bezala, eta ez dio erreparatzen Euskal Herriko zientziaren hastapenari soilik; gaur egungo Euskal Museoa ikerketarako eta eztabaidarako gunea da, irudikapen eta esanahi aldakorrekoa. Euskal Museoan, jakintza berria sortzen da, tokikoa eta globala uztartzen dituen jakintza. Euskal Herriko beste museo batzuetan, argia da objektu-museoen eta ideia-museoen arteko bereizketa. Baina EHUko Euskal Museoa, objektu-museoen eta ideia-museoen erdibidean kokatua, irakaskuntzarako, ikaskuntzarako eta ikerketarako espazio potentzial handia da. Ausartegia al da pentsatzea unibertsitatea iristen den tokitik aurrera egin dezakeela Euskal Museoak?
Museoaren webgunea: https://www.ehu.eus/eu/web/basque-museum-medicine/home
Bibliografia
[1] Hernández F. 1998. El museo como espacio de comunicación. Gijón: Ediciones Trea.
[2] Silverstone R. 1992. ‘The Medium is the Museum: On Objects and Logics in Times and Spaces’. J. Durant, ed. Museums and the Public Understanding of Science. London: Science Museum, 34-44, 34. orr.
[3] García Fernández I. M. 2018. “Museos universitarios en Europa. Retos e iniciativas”. Cuadernos de Arte de la Universidad de Granada, 49: 11-32.
[4] Lourenço M. C. 2015. “University Collections, Museums and Heritage in Europe: Notes on Significance and Contemporary Role”. In: García Fernández, I., Rivera Rivera, R.D. (eds.) Congreso Internacional Museos Universitarios: Tradición y Futuro. Madrid: Universidad Complutense, 59-66.
[5] Kortadi E. (koor.). 1987. Censo de museos del País Vasco. San Sebastián: Eusko Ikaskuntza, 13. orr.
[6] Erkoreka A. eta Hernando Pérez J. (2021). “Museo Vasco de Historia de la Medicina y de la Ciencia”. JONNPR, 6(12):1476-85. DOI: 10.19230/jonnpr.4180
[7] Foucault M. 1986. ‘Of Other Spaces’. Diacritics, 16(1):22-27.
[8] Anduaga A. 2016. Geophysics, Realism and Industry. How Commercial Interests Shaped Geophysical Conceptions, 1900-1960. Oxford: Oxford University Press.
Aitor Anduaga Egaña
Ikerbasque ikertzaile-irakaslea, Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoko zuzendariordea, EHU.



