}

Eguzkiaren tamaina gainditu duen kometa

2007/12/23 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Izar batek gidatu omen zituen errege magoak Belenera. Akaso horregatik, izarrek protagonismo handia izaten dute Gabonetan: kaleak argiz apaintzeko izar-formako motiboak erabiltzen dituzte, etxeetan eta jartzen diren zuhaitzen puntetan izarrak jartzen dira... Bada, gaurkoan, izarren artean dabilen objektu bati buruz hitz egingo dugu, 17P Holmes kometari buruz, orain dela bi hilabetetik hona izarrei protagonismoa kendu baitie.
Azaroaren hasieran 17P Holmesen diametroa Eguzkiarena baino handiagoa zen (Argazkia: ESA/NASA/A. Dyer)

Kometak, berez, oso arruntak dira. Orbita jakin batean biraka dabiltzan gorputzak dira, eta, tarteka, Lurretik gertu pasatzen direnean, ikusgai egoten dira. Oro har, izotzez eta hautsez eratuta daude, eta gehienak txikiak dira. Kilometro gutxi batzuetako diametroko nukleo bat izaten dute, eta, inguruan, hauts- eta izotz-partikula txikiz eratutako hodei bat. Hainbat kometa dituzte identifikatuta astronomoek; besteak beste, gaurkoan hizpide dugun 17P Holmes kometa. Ehun urte baino gehiago dira ezagutzen dutela, eta haren diametroa 3,4 kilometro ingurukoa da, oso arrunta.

Hain arrunta baldin bada, zerk egin du garrantzitsu? Bada,

urriaren 23an, hogeita lau orduan, milioi bat aldiz biderkatu zen haren argitasuna, eta izugarri handitu zen haren tamaina. Hain zuzen, azaroaren hasieran, Hawaiiko Astronomia Institutuko astronomoek esan zuten 17P Holmesen diametroa Eguzkiarena baino handiagoa zela.

Berez, ezin dira konparatu kometen eta izarren diametroak: Eguzkiarena 1.392.000 kilometrokoa da, hau da, esku artean dugun kometaren nukleoa baino ia 400.000 aldiz handiagoa! Kasu honetan, ordea, kometaren nukleoaz gainera, inguruan duen hodeia ere kontuan hartu dute diametroa kalkulatzeko. Eta kometaren inguruko hodeia handitu da hainbeste, hain zuzen.

Kometak egin zuen ibilbidea irailaren bukaera eta azaroaren bukaera bitartean (Argazkia: T. Dickinson)

Antza denez, egun hartan kometaren nukleoa hautsi egin zen, eta barruko izotzaren parte bat kanporatzen eta hedatzen hasi zen. Kometa askok bezalaxe, Holmes kometak nukleoaren inguruan kedar-itxurako karbono-geruza bat du, eta hori hautsi zenean hasi zen izotza nukleotik ateratzen. Hala, nukleoaren inguruko hodeia gero eta gehiago handitu zen, Eguzkiaren diametroa gainditzeraino; eta izotzak Eguzkiaren argitasuna islatzen duenez, gero eta distiratsuago bilakatu zen.

Beraz, kometaren diametroa handitu da, bai, baina nukleoa txikitzearen truke, hau da, nukleoaren osagaiak hedatu direlako, eta ez masa-kantitatea handitu delako. Diametroarekin batera masa ere handitu izan balitz, izugarrizko grabitate-desoreka eragingo zukeen eguzki-sisteman, Eguzkiak berak baino erakarpen handiagoa eragingo liekeelako planetei (gorputz baten grabitate-indarra duen masaren araberakoa baita).

Hubble espazio-teleskopioaren bidez jakin nahi dute zer diametro duen orain 17P Holmes kometaren nukleoak (Argazkia: NASA)

Horrelakorik ez zen gertatu, zorionez. Eta tamaina erraldoi hori ere denbora-tarte baterako kontua da. Nukleotik atera ahala, kometaren osagaiak hedatu eta hedatu ari dira, etengabe, eta hodeia gero eta handiagoa da. Baina, hedatu ahala, une batean guztiz barreiatuta dauden hauts- eta izotz-partikula bilakatuko dira, eta ezingo da esan kometaren zati direnik ere. Orduan, nukleoan gelditu diren izotz-puskak baino ezingo dira jo kometaren osagaitzat. Hori jakin nahi dute orain astronomoek: hainbeste izotz galdu ondoren, zer diametro ote duen orain 17P Holmes kometaren nukleoak.

Hala ere, litekeena da hodeiaren osagaiak oraindik nukleotik hurbil egotea, eta kometa oraindik ere zeruan ikusgai egotea. Izan ere, zientzialariek azaroaren hasieran esan zuten nukleoaren inguruko hodeia guztiz barreiatzeko asteak, edota hilabeteak, beharko zirela. Beraz, leihotik begira jarri, eta zorte on!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia