}

Eguzkia, inoiz baino gertuago

2010/04/22 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hemen ikusten dena SDO (Solar Dynamics Observatory) eguzki-teleskopioak lortutako lehenbiziko irudietako bat da. NASAk otsailean jaurti zuen SDO, eta orain plazaratu ditu espazio-ontziak egindako lanaren lehenengo fruituak. Ikusgarriak ez ezik, gure Eguzkiaren portaera hobeto ulertzeko zientzialarientzat erabat baliagarriak ere badira irudiak.

Zenbait iruditan Eguzki-orbanek kanporatzen duten materialaren xehetasunak ikus daitezke, eta, beste batzuetan, aldiz, izarraren gainazalean dagoen jardueraren gaineko lehenengo planoak antzeman daitezke. Gainera, behatokiak eguzki-ekaitzen bereizmen handiko lehenbiziko neurketak ere egin ditu, uhin ultramoreen luzera-sorta handi batean.

Zehazki, hemen ikusgai duzuena eguzkiari martxoaren 30ean ateratako disko osoaren ultramorearen hainbat uhin-luzeratan hartutako irudia da. Kolore faltsuek hainbat gas-tenperatura adierazten dituzte: gorriak 60.000 bat gradu Kelvin; eta urdin eta berdeak, berriz, beroagoak dira, milioi bat gradu Kelvin baino gehiago.



Argazkia: NASA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia