Eguzkia hartu, onuren eta arriskuen arteko mugak
2000/08/06 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Gizateriaren historian bidaiatzea ohiturazkoa izan bada ere, udaran bidaiatzea modan dagoen zerbait da. Oporretara joaten ez dena ez dago modan. Modan egoteko, gainera, lanera itzultzean beltzaranduta itzuli beharra dago. A zer nolako aurpegiak jarriko dizkizuten bestela! Kasurik ez! Eguzkia behar bezala ez hartzea arriskutsua izan daiteke eta. Lurrera iristen diren erradiazio guztien % 5 ultramoreak dira; horietatik, gehienez % 8, B eta C motakoak izaten dira, azala erretzen dutenak. Gainerako erradiazioek -argiak eta infragorriak- azalean ez dute kalterik eragiten, baina ultramoreen eragina areagotu dezakete. C eta B motako izpietako asko ez dira ozono-geruza iragaiteko gai izaten, baina A motakoen % 39 azaleraino iristen dira eta berehalako pigmentazioa eragiten dute.
Beltzarantze-prozesuan izpi ultramoreek azaleko zelulak hiltzen dituzte, eta kolagenoaren eta elastinaren zeregina aldatzen dute. Odol-basoak dilatatzea ere izpi ultramoreen ondorio izan daiteke; ondorio nabarmena gainera, horregatik gertatzen baita eguzkipean egon eta gero gorri-gorri jartzea. Erre eta gero, azala galdu egiten da. Melaninan aldaketak gertatzen badira, orbanak ere irten daitezke. Horiek dira eguzkiak eraginda ia bat-batean ikus daitezkeen ondorioak.
Eguzkiaren erradiazioak azalera iristen direnean, erasoari aurre egiteko azalak badu babes-mekanismoa. Hala ere, babes hori mugatua da, izpiekiko esposizioa luzeegia izanez gero ezin izaten baitio eutsi. Horregatik, babes-mekanismoa nahikoa ez denean, babesa lortzeko kanpoko eragileak behar izaten dira, eguzki-izpien iragazkiak. Melanogenesia -melanina ekoizteko eta banatzeko prozesua- gorputzak eguzkiaren erradiazioei aurre egiteko duen babes-mekanismo sendoena da. Melaninak azaleko eta ileko kolorearen gaineko ardura duten zelulak dira. Erradiazio ultramorea gorputzeko azalera iristean, honek melanina sortzen du, eta ondorioz azala beltzarandu egiten da. Babes horretaz gain, beste batzuk ere baditu gorputzak, baina adinean aurrera joan ahala eta eguzkiaren erradiazio-kopurua handitu ahala, moteldu egiten dira. Babes-sistema horiek nahikoa ez direnean eta kanpotik babes-neurririk hartzen ez denean, eguzkiak kalte egiten dio azalari. Eguzkiak bat-batean azala gorritu eta baba mingarriak atera ditzakeen, horrek ez du aparteko kezkarik sortu behar, luzera begirako kalteak arriskutsuagoak izan daitezke eta.
Eguzkiak eragin ditzakeen kalteen artean aipagarriena azaleko minbizia da. Horrelako minbiziaren hiru mota daude: melanoma, zelula basalen kartzinoma eta zelula ezkatatsuen kartzinoma. Estatu Batuetako Minbiziaren Elkarte Amerikarreko datuen arabera, 1980. urtean 200.000 estatubatuarrek azaleko kartzinomaren bat izan zuten, eta hamar urte beranduago 600.000 izan ziren; melanomaren kasuan, berriz, igoera 39.000 pertsonakoa izan zen. Melanoma bereziki hilgarria da, metastasia eragiteaz gain, sistema linfatikora ere heda daitekeelako. Baina, zergatik hazi da hainbeste azaleko minbizia dutenen kopurua? Dirudienez, eguzkipean denbora asko egoteak horrekin zer ikusi handia izan dezake.
Eguzkiak zeluletako ADNaren egitura alda dezake. Gorputzak badaki kalte hori konpontzen, baina konponketa ez da betirakoa izaten. Markak geratzen dira, Eguzkiaren eragina metatzailea delako. Beraz, eguzkiak gorputzeko azala denbora baino lehen zahartu dezake. Zahartze-prozesu hori azalak jasan behar izaten dituen aldaketen % 90en arduradun da. Nahikoa datu adierazgarria da hori, eguzkiko izpiez babesteko krema erabiltzeak izan dezakeen garrantzia adierazteko modukoa.
Azala eguzkiko izpiegatik babesteko, behar bezala zaintzeko, hainbat neurri har daiteke. Behar bada, garrantzitsuena eguzkipean denbora gehiegi ez egotea da. Goizeko 10etatik eguerdiko 2etara hobe da eguzkitan ez egotea, orduan iristen baita erradiazio gehien. Babesa ematen duen iragazkiak, kremak, eragin zabalekoa izan behar du, UVA zein UVB izpiengatik babestu behar du azala. Eguzkitarako krema bi ordutik behin eman behar da, batez ere tartean igerian egin bada. Zerua lainotuta dagoen egunetan ere, krema ematea ona da. Horretaz gain, kolore iluneko telazko arropak janzteak eta buruan kapela eramateak ere laguntzen du. Ahal dela, saiatu gainazal islatzaileak saihesten, erradiazioaren % 85 islatzeko gai baitira.
Beharrezko neurriak hartu eta gero ere, baliteke legenak ateratzea. Orduan posible da Eguzkiarekiko alergia izatea. Fotosentikortasuna -fotodermatosia- eta urtikaria dira Eguzkiak sortzen dituen alergiarik arruntenak.
Azala garrantzitsua izan arren, sarritan, izpi ultramoreez babesteaz hitz egiten denean, beste ezertaz ez da hitz egiten, ahaztuta begiak babestea ere oso garrantzitsua dela. Azala kremen laguntzaz babesten den bezala, begiak eguzkitarako betaurrekoekin babestu behar dira. Eta edozein betaurreko ez da ona, optiketan erositakoek bermea dute; besteek ez. Estatistiken arabera, saltzen diren eguzkitarako betaurrekoen % 60k ez dute kalitate-baldintzarik betetzen.
Babes-kremak, eguzkiaren etsai
Eguzkiaz babesten gaituzten kremak behar bezala erabiliz gero, izpi ultramoreen eragina murriztu egiten da eta erredurak izateko aukera gutxitzen da. Baina krema guztiak berdinak ez direnez, eragina ere ez da bera izaten. Eguzki-iragazkiak, kremak, erradiazioa islatzeko edo erradiazioaren zati bat xurgatzeko gai diren substantziak izaten dira. Krema horiek fisikoak eta kimikoak izan daitezke. Fisikoak gai mineralak izaten dira, suspentsio-eran erabiltzen dira eta argiak ezin izaten ditu iragan. Erradiazioa islatzeko gai izaten dira. Substantzia kimikoetan oinarritutako kremak, berriz, UV izpietako batzuk xurgatzeko gai izaten dira, energia kaltegarria okerrik egin ezin dezakeen energian bihurtzen baitu.
Bestalde FPS faktorea -iragazkiaren eraginkortasun-faktorea- agertzen da kremetan. Faktore horrek eguzkitan kalterik jaso gabe zenbat denbora egon daitekeen adierazten du. Adituen ustez, azal arrunta duen edozein, 20 minututan lasai egon daiteke Eguzkitan inolako kalterik jasan gabe. Esate baterako, FPS-15 faktoreak esan nahi du Eguzkitan 15 bider gehiago egon daitekeela.
Urarekiko erresistenteak diren iragazkiak, water-resistant izenekoak, 40 minutuko inmertsio bat edo 20 minutuko bi inmertsio jasateko gai dira. Horrek baino eragin handiagoa dute water-proof izenekoak, 80 minutuko inmertsioa edo 20 minutuko lau jasateko gai baitira. Jakina, urarekiko erresistenteak diren bezala, izerdiarekikoak ere badira.
Krema bat edo bestea aukeratzerakoan, faktore horiez gain, beste batzuk ere hartu behar dira kontuan: Latitudea, eguzki-izpiak zuzenagoak baitira ekuadorrean poloetan baino. Altitudea, erradiazioak arriskutsuagoak baitira zenbat eta gorago. Eta elurrak eta areak eragiten duten izpien islatzea. Era berean, kontuan hartzekoa da eguzki-erradiazioen % 90 behe-lainoak, lainoak eta poluzioa zeharkatzeko gai direla.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia