Eguzkia ez da eguzki-sistemako gorputzik handiena

Eguzkia da masa handiena duen gorputza eguzki-sisteman. Orain arte handiena ere bazen, baina, orain, beste batek kendu dio nagusitasuna: 17P Holmes kometak.

A

spalditik ezagutzen dute kometa-behatzaileek, 1892tik, hain zuzen ere. Baina urriaren 23an, hogeita lau orduan, milioi bat aldiz biderkatu zen haren argitasuna, eta, orain, Lurretik begi hutsez ikus daiteke. Azaroaren hasieran Hawaiiko Astronomia Institutuko astronomoek esan zuten 17P Holmesen diametroa Eguzkiarena baino handiagoa dela.

Astronomoek oraindik ez dakite zergatik handitu diren horrenbeste 17P Holmes-en tamaina eta argitasuna. Uste dutenez, kometaren nukleoa hautsi egin da, eta barruko izotza kanporatzen eta hedatzen ari da. Hala, kometaren nukleoaren inguruan izotzez eta hautsez eratutako hodeia gero eta handiagoa da, eta, Eguzkiaren argitasuna islatzen duenez, gero eta argitasun handiagoa du.

Egoera horrek ez du betiko iraungo, ordea. Hodeiaren osagaiak etengabe ari dira sakabanatzen, eta, azkenean, guztiz barreiatutako hauts- eta izotz-partikula bilakatuko dira, eta ezingo da esan kometaren zati direnik ere. Orduan, nukleoan gelditu diren izotz-puskak baino ezingo dira jo kometaren osagaitzat.

Argazkia: NASA, ESA eta A. Dyer

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Álvarez Busca, Lucía

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia