}

Eguzki-haizeak propultsio magnetikoa du

2008/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eguzki-haizeak propultsio magnetikoa du
2008/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Japoniako Hinode zundaren tresneriak eguzki-haizearen sorrera ulertzen lagundu du. Zundak daramatzan bi teleskopio erabilita, bata X izpietakoa eta bestea optikoa, Eguzkiaren gainazalaren eta koroaren arteko gunea ikertu dute astronomoek. Handik isurtzen dira Lurreraino iristen diren partikula kargatu sortak, eguzki-haizea alegia. Isurketaren gakoa kontrako karga duten eremu magnetikoen arteko talka da.

Eremu magnetikoek isurketan parte hartzen zutela aspalditik susmatzen dute astronomoek. Hain zuzen ere, hipotesi zabalduenak dio eremuek uhin magnetikoak sortzen dituztela, Alfven uhinak, eta, haiekin batera, eguzki- haizearen partikula-sortak. Hala ere, hipotesi hori baieztatzea ezinezkoa izan da, Eguzkia ikertzeko orain arte erabili duten tresneriarekin.

Hinode zundaren tresnek konpondu dute hori; bereizmen handiko tresnak ditu zundak. X izpien teleskopioz eta teleskopio optikoz aztertu dituzte Alfven uhinak eta partikula-sortak. Astronomoek uste zuten partikula-sorta gutxi isurtzen dela egunean, baina Hinode-ren tresneriaz ikusi dute 240 aldiz gertatzen dela egunero, gutxi gorabehera. Eta fenomeno hori aztertuta ondorioztatu dute partikula-sortak eremu magnetikoen indarrez jaurtitzen dituela.

1
238
2008
1
026
Astronomia
Berriak labur
13

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia