}

Eguzki gazteak Orionen

2002/03/07 Elhuyar Zientzia

Gure sistemako izarra nolakoa zen igar daiteke Orion nebulosa aztertuta.

Nolakoa zen Eguzkia 'gaztea' zenean? Hori ikertzeko nahiko berandu gabiltza. Dena dela, Orion nebulosan antzeko izar gazteak identifikatu dira. Duela 4.500 milioi urte, izar horiek gaur ikusten ditugun bezalakoa zen Eguzkia.

Eric Feigelson astronomo estatubatuarrak eta bere lankideek mota horretako 43 izar aurkitu dituzte. Gehienek X izpiak igortzen dituzte, Eguzkiak igor ditzakeenak baino 30 aldiz indartsuagoak; gainera, Eguzkiak baino 300 aldiz maizago igortzen dituzte.

Eguzkiak berak 'gaztetan' horrelako erradiazioa izatea litekeena dela esan dute zientzialariek. Horrela izan bazen, kaltzio-41, aluminio-26 eta beste hainbat isotopo erradioaktibo sortu zituen. Datu hori bat dator lehendik ditugun beste batzuekin. Besteak beste, isotopo horiek ezagutzen dugun meteorito zaharrenaren osagai dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia