}

Eguzki-ekaitzen iragarpena

2009/05/10 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Urakanak, eguzki-ekaitzak eta abar naturaren fenomenoak dira, eta ezin dira saihestu, ez eragotzi. Gizakiak ezin du, esaterako, urakana desbideratu. Baina ondorioak hain larriak ez izatea lor daiteke, neurri batean. Horretarako, lehen-lehenik urakana non sortuko den, nora mugituko den eta nola jokatuko duen jakin behar da. Alegia, haren jarraipena egin, eta haren ibilbidea eta bilakaera iragarri behar dira.
Stereo egitasmoaren bi zunda bikiak, eguzki-ekaitzen irudiak jasotzen.
NASA

Orain, Lurrean meteorologoek urakanak iragartzen dituzten antzera iragar daitezke eguzki-ekaitzak. Izan ere, NASAren Stereo egitasmoaren bi zunda bikiek eguzki-ekaitzen irudiak jasotzen dihardute 2006ko urriaz geroztik, eta, lehenengo aldiz, Eguzkiaren hiru dimentsioko irudiak jaso dituzte. Inoiz ez bezalako doitasuneko irudiak, alegia. Adituek esan dutenez, Eguzkiaren fisika hobeto ezagutzen lagunduko dute, eta, bide batez, eguzki-ekaitzak iragartzeko ere lagungarri izango dira irudi horiek.

Eguzkitik Lurreraino

( Walt Feimer, NASA´s Goddard Spacelight Center)

Eguzki-ekaitzak noizbehinka Eguzkitik ateratzen diren ioi-jarioak dira. Eguzki-sisteman gertatzen diren eztandarik handienak dira, eta kalte handiak sor ditzakete Lurrean. Izan ere, eragina izan ohi dute zenbaitetan irrati bidezko komunikazioetan, sateliteen jardunean eta argindarra banatzeko sistemetan. Arriskutsuak izan daitezke, halaber, espazio-ontzientzat eta astronautentzat ere.

Hori dela eta, garrantzizkoa da eguzki-ekaitzen iragarpena ahalik eta zehatzena izatea. Hiru dimentsioko irudi horiek horretan lagunduko omen diete; ioi-erupzioak zehazki Eguzkiaren zer lekutan gertatzen diren jakingo dute, eta, hala, gero zer noranzko hartuko duten iragarri ahal izango dute espazioko eguraldi-iragarleek. Lurrean meteorologoek urakanak iragartzen dituzten antzera.

Zundak ondo hornituta bidali dituzte.
NASA

Izan ere, horiek ere urakanak balira bezala jokatzen dute, eta, maiz, eguzki-urakan esaten zaie. Gai dira espaziora mila milioi tona plasma jaurtitzeko orduko milaka kilometroko abiaduran. Nolanahi ere, eguzki-ekaitz batek sor ditzakeen ondorioak ekaitz horren tamainaren eta abiaduraren araberakoak dira; eta Lurraren orbitan zuzeneanedo zeharka jotzeak ere eragina du.

Horiek hautemateko edota aurreikusteko prozesua Lurreko sateliteek jasotako datuekin egiten denaren antzekoa da. Horiek urakanaren barrualdea ikusten dute, eta urakanaren jarraipena egiten dute haren jatorritik itsasbazterreraino. Stereo egitasmoaren kasuan, zunda bat Lurraren aurretik eta bestea atzetik doaz Eguzkiaren inguruko jira osatzen. Nolanahi ere, biek eguzki-koroan gertatzen diren ioi-jarioak neurtuko dituzte, bi ikuspuntu ezberdinetatik.

Ekaitz horien inguruko informazioa jasotzeko zundak ondo hornituta bidali dituzte espaziora: teleskopioak, Eguzkiaren uhinak neurtzeko gailuak, jaurtitako partikulak biltzeko propio prestatutako tresnak eta abar.

Azken finean, egitasmoaren helburu nagusia da informazio horri guztiari esker zientzialariek Lurrera hurbiltzen ari diren ekaitzen anatomiaren inguruko aparteko ikuspegia jasotzea. Horretarako, eguzki-koroaren ekaitzak Lurraren orbitara iristean, sateliteetako sentsoreek eguzki-ekaitzaren inguruko neurketak egiten dituzte in situ .

Modu horretan, ekaitz horien barneko funtzionamenduari buruzko informazio ugari lortzen ari dira adituak. Izan ere, informazio horri esker eguzki-ekaitza Lurrera noiz iritsiko den aurreikus dezakete adituek; baita zenbat energia askatuko duen ere. Alegia, zenbaterainoko kaltea eragin lezakeen, nolabait esateko.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia