}

Eguzki-autoen 1 formula

2001/11/16 Elhuyar Zientzia

Munduko auto-lasterketa ekologikoena egingo da datozen egunotan Australian. Eguzki-autoen munduko 6. lasterketa abiatuko da asteburuan Darwin-en. 43 eguzki-autok parte hartuko dute zarata gutxi eta batere kerik sortzen ez duen auto-karrera honetan.

Eguzki-energiaren erabileraren ikerketa eta garapena bultzatzeko antolatzen den lasterketa berezi honetan, 3.100 km bete behar dituzte parte-hartzaileek, Darwin iparraldeko hiritik abiatu eta Australiako hegoaldean dagoen Adelaidara iritsi arte. Ibilbide hori lau egunetan osatzea da aurtengo parte-hartzaileek hartu duten erronka handiena.

Nazioarteko hainbat ikerteta-zentrok parte hartzen dute autoen prestaketan, eta, adibidez, Amsterdam-eko Delft unibertsitateko zortzi ikaslek Europako Espazio Agentziaren babesa eta teknologia izan dituzte eskura beraien eguzki-autoa eraikitzeko. Nuna izeneko auto horrek 160 km orduko abiadura har dezake eguzki-energia hutsa erabiliz.

Ibilgailu arina eta sendoa izan dadin, Nuna autoaren zenbait zati espazio-ontzietarako garatu diren plastiko bereziez egin dituzte. Autoaren oinarrizko egitura karbono-zuntzez eginda dago. Karbono-zuntza Kevlar-ez sendotu dute, eta, beraz, sateliteetan erabili ohi den material bera da. Eguzki-energia jasotzeko panelak espaziorako garatutako zelulez eginda daude. Oro har, espazio-teknologiari esker egindakoa da Nuna autoa, eta ez da harritzekoa aurtengo lasterketa irabazteko faboritoen artean egotea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia