}

Eguraldiaren mapa

2002/09/15 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Biharamuneko planak egin edo gutxienez zer jantzi erabakitzeko, guztiok jakin nahi izaten dugu eguraldiaren iragarpena. Baina inor gutxi fidatzen omen da eguraldi-iragarleen lanaz. Zu ere horietakoa bazara, haien lanaren oinarriak ulertu eta iragar ezazu zerorrek biharko eguraldia.

Ura eta uda, hiztegian ez ezik, azken bi hiletan elkarren ondoan ibili dira. Lehen eguraldiaz gutxi hitz egiten bazen, uda honetan, Euskal Herria igogailu handi bat bihurtu dela zioen aurreko batean lankide batek; eguraldiaz baizik ez omen da hitz egin. Alde batetik, aspaldiko uda euritsuena izan delako, eta bestetik, Erdialdeko Europan lehenik, Euskal Herrian ondoren eta gero Asian, euriteek ezohiko irudiak utzi dituztelako.

Hortaz, borraska edo ekaitz gogorra izan da eguraldi-iragarleek aurtengo udan behin eta berriz errepikatu duten hitza. Baina zer da ekaitz gogorra? Eta antizikloia? Nola egiten dira eguraldiaren iragarpenak?

Behaketa da oinarria

Meteorologia behaketan oinarritzen den zientzia da. Eguraldi-iragarpenak egiteko, beraz, zerura begira denbora asko pasatu behar da. Haizearen norabidea eta indarra, lainoen ugaritasuna eta forma, tenperatura… eta beste zenbait daturi erreparatu behar zaie.

Meteorologo profesionalek, egunean zehar, behin eta berriz neurtzen dituzte presio atmosferikoa, tenperatura, hezetasun-a, haizearen indar eta norabidea, prezipitazioak eta eguzki-erradiazioa, besteak beste. Mundu osoan barreiatuta dauden estazio meteorologikoetan egiten da lan hori.

Datu horiek, lehenik eta behin, institutu nazionaletan batu eta aztertzen dira, eta hortik helarazten zaizkie eskualdeetako meteorologoei. Horiek iragarpenetarako modeloak egin eta datuak mapa sinoptikoetan sartzen dituzte.

Mapa sinoptikoa edo eguraldiaren mapa telebistako eguraldi-iragarlearen azalpenak laburbiltzen dituen mapa da. Analisi- eta iragarpen-zentroetan egunero erabiltzen dute, eta begirada bat aski da haizearen norabidea eta indarra zein diren jakiteko, eguraldi txarraren fronteak zein behe- eta goi-presioetako guneak kokatzeko. Horrela, eskualdean egingo duen eguraldiaren traza handiak definitzen dira.

Isobara-mapak

Eguraldi-iragarleak mapa sinoptikoaren bidez azaltzen ditu presio-aldaketak.

Eguraldi-iragarlearen bigarren mapa izan ohi da isobara-mapa. Han, estazio meteorologikoetan neurtutako presio atmosferikoak idatzi eta presio bereko puntuak lerro baten bidez elkartzen dira, mapa topografikoetan erliebea irudikatzen den bezala.

Isobara-lerroak, beraz, presio bereko puntuak batzen dituzten lerroak dira. Bar deritzo presioa neurtzeko erabiltzen den unitateari, eta hortik dator izena.

Mapa horiek, ohitura pixka bat izanez gero, informazio-iturri baliagarriak dira. Presioaren arabera, laino gutxiko edo ugariko guneak eta haizearen indarra ere definitzen dira. Horrela, behe-presioko guneetan ekaitz gogorrak marrazten dira eta goi-presiokoetan antizikloiak.

Antizikloiak ordulariaren orratzen noranzko berean biratzen diren airezko nukleo itxiak dira. Antizikloiaren baitan aireak beherantz egin, konprimitu eta hezetasuna lurruntzen du. Horregatik, antizikloia dagoen lekuan ez da lainorik izaten.

Aldiz, behe-presioko guneetan, 1013 milibaretik behera, zikloiak edo ekaitz gogorrak marrazten dira. Isobara-mapetan B letrarekin irudikatzen dira. Depresiogune horietan, antizikloietan ez bezala, airea ordulariaren orratzen alderantzizko noranzkoan biratu eta leku hotzagoetara igotzen da. Horrela, airea hoztu eta lainoak sortzen dira. Zikloiak mendebaldetik ekialdera mugitzen dira.

Aire-masen igoerak garapen bertikala duten lainoak sortzen ditu, eta euria gogotik egiten du.

Zikloiak eta antizikloiak kokatzeko baliagarria izateaz gain, isobara-lerroen arteko distantziaren arabera, meteorologoek haizearen indarra ere definitzen dute. Isobara-lerroen arteko distantzia zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da presio-gradientea, eta orduan eta indar handiagoz ufatuko du haizeak. Normalean, behe-presioko guneetan izaten du haizeak indar gehien. Eta zikloi edo depresioa ozeanoan badago, meteorologoek ez dute zalantza handirik izango uhin handiak iragartzeko.

Laino gutxi, baina hotz ala bero?

Lainoei buruzko informazioaren ondoren, tenperaturaren gorabeherak zehaztea besterik ez da gelditzen. Horretarako, egokiena mapa isotermikoa egitea da; hau da, isobara-lerroak marraztu beharrean, tenperatura bereko puntuak batzen dituen lerroa marraztea.

Hala ere, jakin behar da lurretik hurbilen dagoen atmosferaren zatia aire-masa homogeneotan banatuta dagoela. Aire-masa horiek aire-bolumen erraldoiak dira, tenperatura- eta hezetasun-aldaketa handiegirik gabeko milaka kilometro luze direnak. Ozeano eta kontinente gainean sortzen dira, eta beroak, hotzak, hezeak edo idorrak izan daitezke.

Baina zer dio eguraldi-iragarleak fronte hotza hurbiltzen ari dela dioenean? Frontea ezaugarri oso desberdineko bi aire-masen arteko muga da. Hau da, aire-masa bero eta hotza elkarrekin gurutzatzen diren gunea. Ezaugarri desberdineko aire-masek beren ibilbidean topo egiten dutenean, elkarri bultza egiten diote, eta batak bestea presio eta tenperatura desberdineko guneetara eraman.

Fronte hotza aire-masa hotz batek bero batekin topo egin eta azpitik pasatzean sortzen da. Aire-masa hotzak, dentsoagoa izaki, aire-masa beroa behetik gora bultzatzen du, bortizki. Aire-masen igoerak garapen bertikala duten lainoak sortzen ditu, eta euria gogotik egiten du. Hego-mendebaldeko haize hotz indartsuak eta mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko laino beltzek iragartzen dute fronte hotza.

Fronte beroa aire-masa beroa hotzaren gainetik pasatzean gertatzen da. Oraingoan, aire-masa beroa da hotzarengan presioa egiten duena. Frontea iritsi arte haizeak hego-ekialdetik eta ekialdetik ufatzen du, eta sortzen dituen prezipitazioak ahulagoak izan ohi dira.

Hori guztia jakinda, zein eguraldi iragartzen duzu biharko?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia