Egun bete
1995/10/01 Yagüe, Josune Iturria: Elhuyar aldizkaria
Faxa eta telefonoak goizean goizetik hasi dira lanean. Lan-taldearen arteko komunikazioa horri esker burutzen da neurri handi batean. Bulegokoaz gain izan ere, makina bat lagun ari da, beren eguneroko zereginei lapurtutako orduetan aldizkarirako lan eskerga egiten. Atal finkoak osatzeaz arduratzen dira batzuk eta aldizkako erreportajeak bidaltzen dizkigute beste batzuk. Kolaboratzaileen laguntzarik gabe, aldizkaria osatzea ezinezkoa litzateke eta horretaz jakitun, gero eta lankide gehiago gureganatzen saiatzen gara, sare trinkoagoa osatzearren. Kolaboratzaile-ehizan trebatu garen seinale, nonbait.
Pausoz pauso
Goizak aurrera darrai eta prentsa gainbegiratzeko unea da. Dibulgazio-usaina duten albisteak bilatzen ditugu, baita zenbaitzuetan aurkitu ere. Albiste horien tratamenduaz eztabaidatzeko aukerarik ez da falta izaten; besteok egindako akatsak gurean gerta ez daitezen, ariketa hau osasungarria da.
Artikuluak irakurtzeak askok uste baino denbora gehiago hartzen digu. Erredakzioan jasotako lanak ez dira iritsi bezala, gordin-gordinik argitaratzen eta moldaketak egiteaz arduratzen diren lankideek ongi dakite zein zaila den estandarizatu gabeko hizkuntzan arauak finkatzea. Azaleko lehen zuzenketak egin eta gero, bigarren irakurraldia dator eta horrela artikulua gure idatz-ereduetara egokitu arte. Askori bide hori luzeegia iruditu arren, soilik horrela berma genezake argitaratutako artikuluen kalitatea. Eta halaxe egiten dugu.
Maketa-lanetan hasi orduko, eztabaida bizia pizten da. Lerro jarraiei forma desberdinak eman behar zaizkie eta aukera desberdinak aztertzen dira. Bitartean, azken zuzenketak, infogramak edota irudiak moldatzen jarraituko dugu. Orrialdez orrialde, artikulu eta azpisail solteek aldizkari-itxura hartzen dute. Ordenadoreetan egindako lana filmatzekomoldatzen da. Dena prest dago.
Hala uste genuen behintzat, baina zerbaitek huts egiten du azken momentuan. Murphy harro legoke gure lanaz. Erlojuaren kontrako lasterketa hasi da berriro eta ale honi dagokion azken ahalegina egin beharko dugu. Pronostikoen kontra, garaiz iritsiko gara. Aldizkaria filmatu eta gero, banan-banan aztertu behar dira orrialdeak, koloreak, argazkiak eta gainerako xehetasunak. Dena ongi miatu eta gero, inprentara bidaltzen da. Gaur gauez lasai egingo dugu lo.
Biharamunean ordea, goizeko zortzietan piztuko dira argiak eta ordenadoreak. Ikusten duzuenez, ez dago hurrengoaren zain gelditzerik: bila joan beharra dago. Zuek jasoko duzue gure nekeen berri aldizkaria eskuratu orduko. Ordurako lanean izango gara, hurrengoari aurrez aurre begira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia