"Zientziaren eta pseudozientziaren artean luze egon ondoren, bada garaia egia esateko"
2011/09/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bai, medikuntza-mota horrekin hazi nintzen. Familiako medikua homeopata zen, nahiko homeopata ospetsua Alemanian. Gure aita eta aitona medikuak ziren. Eta badakit gure aitak homeopatiarekin tratatu ohi zituela pazienteak. Eta, ia kasualitatez, medikuntza- fakultatetik irtendakoan homeopatia-klinika batean lortu nuen lehen lanpostua. Han ikasi nuen teknika batzuen alde praktikoa, homeopatiarena batez ere, eta alde egin nuenean, urte eta erdi geroago, teknika horien zale handia nintzen. Noizean behin erabili izan ditut nire jardunean.
Nire pertzepzioa zen homeopatiak funtzionatu egiten duela. Oraindik ere esaten dizut homeopatiak funtzionatzen duela. Ez dago zalantzarik. Baina zientifikoki aztertzen hasi nintzenean, galdera bat sortu zitzaidan: zergatik funtzionatzen du? Erremedio homeopatikoa zientifikoki ez da oso sendoa; ez dago azalpen zientifiko bat homeopatiak funtziona dezan. Beraz, galdera zen: eragiten al du homeopatian zientifikoki ulertzen ez dugun zerbaitek, edo, bestela, nolatan hobetzen da pazientea homeopatarekin egon ondoren? Gero ikerketa asko egin ziren (ez guk bakarrik; mundu osoan, homeopatiari buruzko 200 ikerketa eta proba kliniko inguru daude gaur egun). Eta oso argi azaldu zen azken bi hamarkadetan erremedio homeopatikoa plazeboa dela, eta homeopatarekin izandako topaketa terapeutikoak funtzionatzen duela. Psikoterapia txiki bat bezalakoa da, eta pazienteari lagundu egiten dio. Izan ere, plazeboaren kontrako probak egiten badituzu, emaitza negatiboa da. Eta egiten baduzu behaketa-azterketa bat, homeopatek oso gustuko dutena, kontrol-talderik erabili gabe, frogatu daiteke pazienteen %70 hobetzen direla tratamendu homeopatikoa jasota (horiek dira zenbakiak, gutxi gorabehera). Baina horrek ez du zerikusirik erremedioarekin berarekin.
Vienan nengoen, eta sail bateko burua nintzen. Baina ez nengoen batere gustura Vienan. Behin, NewScientist aldizkaria irakurtzen ari nintzen gogo handiz, eta artikulu baten azpiko iragarkiak ere irakurri nituen. Eta han ikusi nuen Exeterko Unibertsitatea medikuntza osagarriko katedra sortzeko irakasle baten bila zebilela. Beraz, atlasa hartu nuen, eta begiratu nuen non ote zegoen Exeter, eta iruditu zitzaidan toki interesgarria zela. Nik eta emazteak oso gustuko dugu Ingalaterran bizitzea. Beraz, erabaki nuen postua eskatzea.
Arg: Iñigo Ibañez
Medikuntza alternatiboko lehen irakasle-postua zen. Niretzat argi zegoen zer behar zuen medikuntza alternatiboak, ordura arte inork ez baitzion aplikatu zientzia modu serio eta sistematikoan esparru horri. Eta oso-oso esparru zabala da. Baina kontratua sinatu nuenean konturatu nintzen haiek dirua lortu zutela emaile batengandik, eta ni irakaslea izatea nahi zuten, ez ikertzailea. Paperaren gainean, eskolak eman behar nituen eta jendea hezi. Nik ezetz esan nien. Ezin nuen horrelakorik egin. Ez nintzen ona horretan; ez zen nire espezialitatea, ezta nire helburua ere. Eta haiek erantzun zidaten bazekitela ikertzailea nintzela, eta ikertzaile izateko kontratatu nindutela. Kontratua paper-puska bat besterik ez zela. Eta nahi nuena egiteko aukera eman zidaten.
BBC katea medikuntza alternatiboari buruzko programa bat egiten ari zen. Eta ni nintzen haien aholkularia. Lau zati zituen programak, eta haietako bat akupunturari buruzkoa zen. BBCkoek gidoia erakutsi zidaten, testu osoa, baina ez irudiak.
Simonek programa ikusi zuen, eta kexatu egin zen BBCra. Esaten zuen oso engainagarria zela. Telefonoz deitu zidan, eta esan zidan: "Nola onar dezakezu hori? Ikusi al duzu? Ez dago ondo; ikusleak nahasten ditu". Eta erantzun nion bera bezain kezkatuta nengoela ni. Eta nire laguntzarekin, kexu bat bidali zuen BBCra. Hasieran, kexua errefusatu zuten, baina, azkenean, onartu egin zuten. BBCk akatsa zuzendu behar izan zuen. Hein handi batean, Simon eta biok elkartu ginen eztabaida bat izan genuelako. Gero, aurrez aurre egon ginez, eta oso ondo moldatu ginen. Hark interes handia zuen medikuntza alternatiboan, eta begi-bistakoa zen hori izango zela haren hurrengo liburua. Elkarrekin liburu bat egitea proposatu zidan, eta nik ezetz erantzun nion. Ez nuen liburu bat egin nahi.
Ez nekien zein zen. Ez nekien best-sellerrak idatzi zituenik. Oso tipo atsegina zen, eta gustuko nuen. Eta oso ondo konpontzen ginen, baina banekien oso zaila eta erronka handia izango zela gai polemiko bati buruzko liburu bat beste norbaitekin batera idaztea. Ikuspuntu desberdinak izango genituen, nahiz eta antzekoak izan. Horregatik erantzun nion ezetz. Baina hark ez zuen etsi. Konbentzitzeko gaitasun handia du. Googlen bilatu, eta hari buruzko informazioa irakurri nuen. Asko pozten ninduen halako pertsona batek nirekin liburu bat idatzi nahi izateak, eta baietz esan nion, saiatuko ginela. Baina ez bazuen ondo funtzionatzen edo ikuspegi desberdinak bagenituen, bertan behera utziko genuen liburua. Beraz, saiatu ginen eta funtzionatu egin zuen.
Galdera ona da hori, gauean loa eragozten didan galdera. Azken batean, nire bizitzaren azken bi hamarkadetan zubiak eraikitzen saiatu naiz zientziaren eta medikuntza alternatiboaren artean (antizientzia edo pseudozientzia). Orduan, Simon etorri zen eta esan zidan liburua idazteko. Bera ez da pasatu besteen ikuspuntua ulertzen saiatzeko prozesutik. Bere ikuspegia ez da batere tolerantea petrikiloekin, iruzurtiekin eta plazeboarekin eta horrelako gauzekin. Beraz, liburua erradikalagoa geratu da nik bakarrik idatzi izan banu baino.
Bestalde, bi munduen artean luze egon ondoren, bada garaia egia esateko. Eta liburu hau egiari buruzkoa da. Horregatik, pozik nago liburua erradikala delako. Nik ez nuke idatziko hain liburu erradikala, garrantzitsua iruditzen baitzait sinestunak direnetara iristea. Garrantzitsua da, baina agian ezinezkoa. Ia hogei urtez eztabaidatu dut "egia ebangelikoaren" sinestunekin, eta konturatu naiz ezin zarela haiengana iritsi; ezinezkoa baita. Pertsona horiek arrazoizko argudioekiko immune dira.
Badugu plazeboa erabiltzeko modu etiko bat. Ni plazebo-efektuaren zale handia naiz. Mediku on batek ahalik eta gehiena egin behar du plazebo-efektua areagotzeko. Horrek ez du esan nahi plazeboa preskribitu behar duzunik, baizik eta tratamendu eraginkorra eman behar duzula homeopata batek egiten duen bezain modu enpatikoan --10 minutu baino gehiago pazientearekin, komunikazio handiarekin, sinpatia handiarekin--. Horrela plazebo-efektua eragingo duzu. Hori gertatzen ari da mediku onekin etengabe eta toki guztietan.
Baina, bestalde, hori dena ulertu baduzu, eta argudioari buelta ematen badiozu, konturatuko zara pazienteari plazebo hutsa ematean iruzur egiten ari zarela. Kliniko moduan, engainatzen ari zara pazientea. Gainera, plazeboaren efektua ez da fidagarria. Ez du asko irauten. Eta garrantzitsua dena, ez da etikoa pazientea nahastea hau esanez: "Erremedio homeopatiko honek lagunduko dizu, badakidalako lagunduko dizula". Plazebo batekin egiten baduzu, erremedio homeopatiko batekin adibidez, pazienteari gezurra esaten ari zara. Ez zara egia esaten ari. Eta gezurra esatea ez da etikoa. Duela 50 urte zilegi zen gezurra esatea, baina gaur egun argi dago ezetz. Medikuen eta klinikoen arau etikoek diote egia esan behar zaiela pazienteei. Beraz, ez da etikoa, ez da fidagarria eta ez da beharrezkoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia