Edison, Thomas Alva
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1847-1931)
Asmatzaile estatubatuar hau Milan-en (Ohio-n) munduratu zen 1847ko otsailaren 11 n. Bere familian ez zen diru askorik eta gaztetatik lanean hasi behar izan zuen. Zientzi liburuak irakurtzen hasi zenean, laborategia ipini zuen bere etxean. Laborategirako dirua lortzeko, Port Huron eta Detroit (Michigan) bitarteko ibilbidea egiten zuen trenean egunkariak saltzen zituen.
1862an Port Hurongo telegrafi bulegotan hasi zen lanean. Han, telegrafo bikoitza asmatu zuen. Asmakuntza horrekin fama eta diru asko irabazi zituen. 1876. urtean Menlo Park enpresa fundatu zuen. Enpresa hartan, asmakuntza asko egin zituen. Hil zenean, 1.100 asmakuntza patentaturik zituen.
Bere asmakuntza garrantzitsuena fonografoa da (1877). Baina horrez gain, beste asmakuntza azpimarragarri asko ditu. Besteak beste, mikrotelefonoa 1877an, goritasun-lanpara 1878an, kinetoskopioa eta zenbait tresna telegrafiko 1894an.
1878an, argia elektrizitate bidez sortzeko zegoen arazoari irtenbidea emango ziola adierazi zuen. Lehenago, beste asmatzaile batzuk ere aritu ziren arazo horri soluzioa bilatzen, baina ez zuten lortu. Swan fisikari-kimikari britainiarrak, karbono-harizpiko goritasun-lanpara asmatu zuen. Baina horrek bonbilaren barruan harizpiak behar zuen adinako hutsik ez zuen eta erre egiten zen airearen oxigenoarekin. Arazo hura kontutan hartuta, Edison beste alanbre baten bila hasi zen. Denbora luzez platinoarekin aritu zen saiakuntzetan, baina azkenean hura ez zela bilatzen ari zena ohartu zen.
Beste saiakuntza asko egin ondoren, harizpia metalezkoa izatea ez zela derrigorrezkoa konturatu zen. Horregatik, erdierretako kotoi-harizpiarekin saiatu zen eta irtenbidea aurkitu ahal izan zuen. 1879an harizpi horrekin egindako bonbila sortu zuen. Momentu hartatik aurrera, argi elektrikoa errealitatea zen. Urte Zahar egunean, bere aurkikuntza erakutsi zuen Menlo Parkeko kale nagusia argiztatuz. Mundu guztiko kazetariak bildu ziren. Edisonentzat hura izan zen bere bizitzako unerik garrantzitsuena. Baina argi elektrikoaren inguruko saioak ez ziren horrenbestez geratu. Argi elektrikoa erabili ahal izateko, 1881. urtean sorgailu elektrikoa asmatu zuen.
1883an argi elektrikoa hobetzeko saiakuntzetan ari zela, bonbilako harizpi beroaren ondoan alanbre metaliko bat sartu zuen. Elektrizitatea harizpi berotik, harizpia eta alanbrea banantzen zituen hutsartean zehar, alanbre metalikora pasatzen zela aurkitu zuen, hau da, hutsean eta tenperatura handitan metalek elektroiak igortzen zituztela. Horri Edison efektua edo efektu termoionikoa deitzen zaio eta hain zuzen, tutu eta balbula elektronikoen funtzionamenduaren oinarri da.
1889an, beste saiakuntza batzuetan hasi zen. Horietan, argazkiak, elkarren segidan pantaila batera proiektatzen zituen higidura-sentsazioa emateko. Horretarako, Eastmanek asmatutako pelikula-mota erabili zuen.
Thomas Alva Edison West Orange-n (New Jersey-n) hil zen 1931 ko urriaren 18an.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia