ARG.: Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND
1870eko azaroaren 18ko arratsaldean, hotz egiten zuen Edinburgon. Iluntzen hasia zen, eta jendetza pilatzen ari zen Surgeons’ Hall-en inguruan. Zazpi emakume agertu ziren. Eta zarata lehertu zen. Oihuak, txistuak, barreak eta irainak. Lokatza, zaborra eta harriak jaurti zizkieten. Emakume haiek medikuntzako ikasleak ziren, eta anatomia-azterketa bat egitera zihoazen Surgeons’ Hallera. Ez zen mespretxua jasaten zuten lehen aldia; bai, agian, bortitzena.
Lortu zuten barrura sartzea, eta hasi ziren azterketa egiten. Horretan ari zirela, ardi bat agertu zen gelan, unibertsitateko maskota. “Utz diezaiogun gelditzen —proposatu zuen irakasleak—, hona ekarri dutenek baino adimen handiagoa dauka”.
Urte eta erdi lehenago hasi zen dena. 1869ko martxoan, Sophia Jex-Blakek medikuntza ikasteko plaza eskatu zuen Edinburgoko Unibertsitatean. Eskaera atzera bota zuten, argudiatuz unibertsitateak ezin zituela beharrezko aldaketak egin “dama bakar batengatik”. Orduan, Jex-Blakek artikulu bat argitaratu zuen The Scotsman egunkarian, emakume gehiagok bat egin zezaten bere eskaerarekin.
«Unibertsitatera sartzeko azterketara aurkeztu ziren 152 hautagaietatik bost emakumeak izan ziren. Haietako lau lehen zazpi postuen artean gelditu ziren.»
1869ko udan, bost emakumek egin zuten unibertsitatean matrikulatzeko eskaera. Eta unibertsitateak onartu egin zituen. 1869ko urriaren 19an unibertsitatera sartzeko azterketara aurkeztu ziren 152 hautagaietatik bost emakumeak izan ziren. Haietako lau lehen zazpi postuen artean gelditu ziren.
Urte hartan bertan, beste bi emakume gehitu zitzaizkien. Britainia Handian unibertsitatean matrikulatu ziren lehen zazpi emakumeak izan ziren: Sophia Jex-Blake, Isabel Thorne, Edith Pechey, Matilda Chaplin, Helen Evans, Mary Anderson eta Emily Bovelle; “Edinburgoko zazpiak”.
“Zazpi Edinburgoren aurka” izena ere erabili zuten, unibertsitatean sartzea onartu bai, baina ez baitzizkieten gauzak erraz jarri. Hainbat arau eta baldintza jarri zizkieten. Hasteko, noski, ezingo zuten gizonezko ikasleekin batera joan eskolatara, eta, irakasleek hain ikasle gutxiri eman behar zizkietenez eskolak, gizonezkoek baino gehiago ordaindu beharko zuten.
Gainera, arau berrien arabera, irakasleek baimena zuten emakumeei eskolak emateko, baina ez zeuden derrigortuta. Zazpi emakumeek irakasle bakoitza konbentzitu behar zuten haiei eskolak emateko. Eta irakasle guztiek ez zituzten ongi hartu. Batzuek uko egin zioten haiei eskolak emateari.
Medikuntza, askoren ustez, ez zen emakumeentzako jarduera egokia: ez moralki, ez fisikoki. Eta batzuek iradoki zuten emakumeak unibertsitatean onartzeak maila jaistea eragingo zuela. Ikasle gizonen artean ere aurkakotasun handia sortu zen. Eta prentsak ere eztabaida elikatu zuen, sarritan tonu ironiko edo mespretxuzkoan.
«Argi zegoen gure arrakasta iraingarriago zitzaiela, porrota baino»
Hala ere, ofizialki unibertsitateko ikasleak ziren. Eta ez ziren ikasle txarrak. Kimikako azterketa egin zutenean, ikasle guztien arteko notarik onena Edith Pecheyk atera zuen. Ez zioten eman, ordea, meritu horrek berez zekarren saria. Eta, gainera, gizon guztien gainetik gelditu izanak are gehiago okertu zituen gauzak. Honela idatzi zuen Pecheyk berak: “Argi zegoen gure arrakasta iraingarriago zitzaiela, porrota baino”.
Gero eta ikasle gehiago hasi ziren haien aurka. Ateak muturretan ixten zizkieten, beren ohiko eserlekuetan eseri eta hurbiltzean barre eta iseka egiten zieten, zigarroen kea aurpegira botatzen zieten, gutun lizunak bidaltzen zizkieten, edo jendaurrean oihukatzen zizkieten lizunkeriak, eta kalezulo bakartietan jazartzera ere iritsi ziren. “Gure egonaldia ahalik eta deserosoena izan zedin konspirazio bat sortu izan balitz bezala zen”, idatzi zuen Jex-Blakek.
Irakasleen artean ere, gero eta gehiagok egiten zioten uko emakume haiei eskolak emateari, baita hasieran horretarako prest zeuden batzuek ere. Eta ospitalean praktikak egiten ere ez zieten utzi; haien onerako omen: gaixotasun okerrenekin aurrez aurre aritzeak haien sentsibilitate delikatuak minduko zituelako.
Arg: Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND
Giro horretan iritsi ziren Surgeons’ Halleko istilura. Egunkariek istilu haren berri eman zuten. Horren ondotik, zazpi emakumeak babes publikoa lortzen hasi ziren. Emakume gehiago matrikulatu ziren medikuntzan. Mediku batzuk ere hasi ziren haien alde egiten, eta haiei medikuntza irakasteko oso prest zeudela adierazten. Emakumeentzako medikuntza-hezkuntza bultzatzeko batzorde bat ere sortu zuten, 300 bat afiliaturekin.
Unibertsitatean, ordea, aurkako haizea indartu egin zen. Matrikulatu eta lau urtera, 1873an, auzitegi gorenak ebatzi zuen emakumeei ezin zitzaiela titulurik eman, eta, areago, Unibertsitateak ez zuela eskubiderik emakume haiek matrikulatzeko ere.
«Ez genuen titulurik lortu, baina lortu genuen gaia aldatzea»
“Ez genuen titulurik lortu, baina lortu genuen gaia aldatzea”, idatziko zuen Thornek urte batzuk geroago. Izan ere, ez zuten etsi. Zazpi emakume haietatik bostek Suitzan eta Frantzian lortu zituzten tituluak eta mediku izatera iritsi ziren. Jex-Blakek, gainera, gogor lan egin zuen emakumeentzako medikuntza-eskolak sortzeko Londresen eta Edinburgon.
Edinburgoko Unibertsitatean emakumeek ezin izan zuten matrikulatu 1892ra arte. 2019ko uztailean, unibertsitatean matrikulatu zirenetik 150 urtera, Edinburgoko Unibertsitateak Medikuntzako ohorezko tituluak eman zizkieten Edinburgoko zazpiei.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



