Edateko ura lortzeko modu erraza
2001/04/02 Elhuyar Zientzia
Lurreko toki askotan ez dute edateko behar adina ur, ez iturri-eskasiagatik soilik, baizik eta duten ura ez delako edateko modukoa. Izan ere, herrialde horietan heriotza gehien eragiten dituztenak ur zikinen bidez kutsatutako gaixotasunak dira, adibidez, malaria.
Gaixotasun horiek saihesteko erarik eraginkorrena eta merkeena urak kloratzea da, baina hainbat lekutan hori oraindik amets bat da, ez dagoelako behar adinako azpiegiturarik eta urteak beharko dira garape- maila horretara iristeko.
Osasunaren Mundu Erakundeak eskala txikian, banakoak eta taldeak erabiltzeko modukoa eta oso merkea den sistema bat proposatu du. Ura eguzkiaren bidez desinfektatzean datza. Behar diren gauza bakarrak eguzkia, plastikozko ur-botila gardena eta gainazal ilun bat dira.
Botila urez bete eta gainazal ilun baten gainean etzanda jartzen da bost orduz. Eguzki-erradiazio ultramoreek ura kutsatzen duten mikroorganismo patogenoak hiltzen ditu eta probatu den herrialdeetan (Bolivia, Burkina Faso, Txina, Kolonbia, Indonesia, Tailandia eta Togo) emaitza onak lortu dira.
Horretaz gain, garbiketaren eta higienearen garrantziaz jabetzea ere oso garrantzitsua da, batzuetan ohitura-aldaketek eta xaboi pixka batek beherakoak ekiditeko nahikoak izan daitezkeelako. Adibidez, Burkina Fason egindako xaboi-banaketan eta higiene-hezkuntzan oinarritutako kanpaina baten ondoren, beherakoak % 35 gutxitu ziren.
Dena dela, lanean jarraitu beharra dago guztiek ur seguru eta garbia izan dezaten, osasun ona izateko lehen baldintza delako, baita oinarrizko giza eskubidea ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia