
Informazioa DVDetan gordetzeko modu berri bat asmatu dute, eta garatzen ari dira, Australiako Swinburne Teknologia Unibertsitatean. Sistema berriak 1 terabytetik gora gorde ahal izango ditu (bilioi bat bit), orain informazio gehien gorde dezaketen DVDek baino 10.000 aldiz informazio gehiago.
Urrezko nanomakilatxoak erabili dituzte DVDaren tamaina aldatu gabe haren edukiera hainbeste handitzeko: informazioa idazteko geruzetan, hainbat luzeratako nanomakilatxoak txertatu dituzte. Makilatxoek xurga dezaketen argi-mota duten luzeraren eta orientazioaren araberakoa denez, hainbat laser-mota erabili dituzte informazioa grabatzeko.
Batetik, laserraren polarizazioarekin “jolastu” dute. Polarizazio jakin bat duen laserra bere norabidean orientatuta dauden urrezko partikulekin baino ez da jartzen elkarrekintzan. Elkarrekintza horretan, urrezko partikulak urtu egiten dira, eta makilatxoak zirenak esferatxo bihurtzen dira. Hala, DVDaren zati bat grabatuta gelditzen da. Laser horren norabidean orientatuta ez zeuden partikulak, ordea, erabili gabe gelditzen dira.
Horiek grabatzeko, beste polarizazio bateko laserra erabil daiteke, edo beste uhin-luzera edo kolore bateko argia. Izan ere, uhin-luzera bakoitzeko argiak luzera jakin bateko makilatxoetan bakarrik du eragina. Argi polarizatuarekin bezala, hainbat koloretako laserra erabilita, informazio asko gorde daiteke espazio jakin batean.
Bada, ikertzaileek bi polarizaziotako eta hiru koloretako laserrak erabili dituzte diskoetan idazteko. Gainera, oraingo DVD ahaltsuenetan bezalaxe, geruza batean baino gehiagotan idatzi ahal izan dute informazioa. Hala, 140 gigabyte informazio gorde ahal izan dute diskoaren zentimetro kubiko bakoitzeko.
Hainbat geruzatan idazteari hiru dimentsiotan idaztea esaten zaio; bada, Australiako ikertzaileek bost dimentsiotan idaztea lortu dute, aurreko hirurei beste bi gehitu baitizkiete: polarizazioa eta uhin-luzera.
Irudiak: Nature
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.