Duela 15.500 urteko altxorra Praile Aitzen
2005/10/03 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Santutegi hitza ondo baino hobeto datorkio Praile Aitzeko aztarnategiari, erritoetarako erabiltzen zutela uste baita. “Ekain, Altamira eta horrelakoak jendearen bizileku izan ziren, baina, aztarnen arabera, esan daiteke hau erritoak egiteko erabiltzen zutela. Horregatik da garrantzitsua, desberdina delako”. Guztira bost lepoko aurkitu dituzte; bat ahuntz hortzekin egina eta besteak harri landuekin. Harriak leunduta eta grabatuekin apainduta daude, eta lepokoa osatzeko zulo bana dituzte. Lepokoetako batek 14 pieza ditu eta beste batek 12 cm luzeko venus itxurako harri bakarra dauka. Guztiak oso atseginak dira bistara eta kolore berezia hartzen dute bustiz gero.
Lepokoak eta venusa ez ezik, arkeologoek sutondoa, harrizko jarlekua, harrikatza, silexez egindako lanabesak eta zulatutako basahuntz-hezurrak aurkitu dituzte, baita leundutako jarleku bat ere sutondoaren aurrean.
Xabier Peñalverren taldeak 2000. urtean ekin zion Praile Aitz aztertzeari, premiaz ekin ere, kobazuloa lanean ari den harrobi batean baitago. Hasierako indusketen arabera, bazirudien kobazuloa Cro-Magnon talde baten bizilekua izango zela. Hasiera hartan, kobazuloaren sarreran aztarna ugari aurkitu zituzten, eta Cro-Magnonek ohitura zuten bizimodua kobazuloen inguru horietan egiteko. Hezurrak aurkitu zituzten gehienbat, basahuntz-hezurrak, eta, horregatik, ikertzaileek ondorioztatu zuten hango bizidunak ehiztariak zirela eta basahuntzak harrapatzen zituztela. Noski, harrapatu eta gero, jan egingo zituzten eta kobazuloaren aurrealdean pilatu hondarrak. Errekara jaitsi eta itsasora joaten zirela ere badakigu arrastoengatik, arrainen hezurduren arrastoak ere aurkitu dituztelako.
Oraingo aurkikuntzek, bistan denez, aldatu egin dituzte hasierako uste haiek, eta, orain, bizilekutzat baino gehiago, guztiak bildu eta erritoak egiteko tokitzat jotzen dute. Baina zer motako erritoak egiten zituzten ezin da esan. Garai bertsuko beste aztarnategietan, hezurrezko piezak eta agertu izan dira eta ehorzketekin lotu izan dira, baina Praile Aitz I koban ez dago halako aztarnarik. Aurkikuntza oso bakana eta berezia da eta oso litekeena da, gainera, pertsona bakar batek egindako piezak izatea guztiak kokapenaren eta hainbat ezaugarriren arabera. "Baliteke, koba jarduera edo gaitasun bereziren bateko pertsona bati lotutako gunea izatea."
Inguru bizia
Praile Aitz Deba eta Mendaro artean kokatua dago, iristeko oso zaila den toki aldapatsu batean. Inguru hartan, Goi Paleolitoko kobazulo ugari aurkitu dira. Maldan bertan bazen Praile Aitz II izeneko beste kobazulo bat, baina harrobiaren lanen ondorioz desagertu zen. Zuhaitzek saihestuko ez balute, Praile Aitzetik bertatik Ermittia, Iruroin eta Langatxoko kobazuloak ikusiko lirateke.
Barandiaranek eta Aranzadik 1924 eta 1926 urteen artean aztertu zuten Ermittiako kobazuloa, eta material oso garrantzitsua berreskuratu zuten. Iruroin eta Langatxo 1990eko hamarkadan induskatu ziren, Praile Aitz II bezala. Horrelako pilaketak adierazten du Debabarrena oso preziatua izan zela Goi Paleolitoko gizakientzat. Kontuan hartu behar da Madeleine aldia eta azken glaziazioa aldi berean gertatu zirela, eta, sasoi hartan, 1.000 metrotik gorako tokietan elurra kendu ere ez zuela egiten. Beraz, Cro-Magnonek babesa eskaintzen zuten bailarak bilatzen zituzten, altuera gutxikoak eta itsasotik gertu zeudenak. “Horrelako aztarnategien multzoa izatea da benetako altxorra, horrek nolabaiteko ikuspegi orokorra izaten laguntzen digulako”. Izan ere, tresna eta material harrigarriak aurkitzetik haratago doa ikertzaileen asmoa, duela milaka urte inguru hauetan bizi zirenen ingurunea nolakoa zen eta haiek nola bizi ziren jakin nahi dute, batez ere.