}

Drogak: botanikatik kimikarako ibilbidea

2002/05/12 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Drogak, oro har, naturalak zein artifizialak izan, gorputzaren funtzioei eta egiturari eragiten dieten substantziak dira. Besteak beste, kontsumitzen dituenaren jarduteko, pentsatzeko eta sentitzeko modua aldatzen dute.

Drogak sailkatzeko era asko dago: kontsumitzeko moduaren arabera, legearen ikuspegitik, gaurkotasunaren aldetik… Guztiak aipatzea ezinezkoa denez, artikulua droga ilegaletara mugatuko da, eta landareetan oinarritutakoak eta droga sintetikoak bereiziko dira.

Landareetatik drogetara

Kimikaren aurrerapausoak ezagutu arte, drogak landareetatik erauzitako substantzietan oinarritu izan dira. Zehatzago esanda, landareetatik alkaloideen familiako konposatuak erauzten dira, asko toxikoak. Ezagunenak kokaina, morfina, diamorfina edo heroina eta azido lisergikoa dira. Kafeina eta nikotina ere familia horretakoak dira.

Kokaina, koka-landarearen hostotik ateratzen da eta heroina, berriz, opio-belarraren fruitu berdetik erauzten den opiotik. Opioa heroina bihurtu aurretik, morfina lortzen da eta, ondotik, heroina. LSDa (azido lisergiko dietilamida) garagarraren onddo parasito batek sortutako konposatua da. Dena dela, gaur egun, laborategietan LSD naturalaren konposizio kimiko bera duen produktua ekoizten da. Beraz, LSDa naturala zein sintetikoa izan daiteke. Beste alkaloide batzuk ere badira, esaterako, Mexikoko kaktus batetik ateratzen den meskalina eta onddo-espezie batzuen psilozibina, biak haluzinagarriak.

Jakina denez, landare horiek antzinatik kontsumitzen dira hainbat herrialdetan. Hala ere, landarea kontsumitzea (koka-hostoak mastekatzea, adibidez) eta landaretik ateratako droga kontsumitzea ezin dira alderatu, substantzia aktiboaren kontzentrazio-maila arrunt desberdina baita.

Landareetan substantzia aktiboaren kontzentrazioa % 5ekoa soilik da eta, aldiz, findutako prestaketetan kontzentrazioa % 100ekoa izan daiteke. Koka-hostoan, esaterako, koka-kontzentrazioa % 2 baino gutxiagokoa da eta, aldiz, kokainaren % 90 izan daiteke.

Gainera, landarea normalean aho-bidetik kontsumitzen da eta, beraz, printzipio aktiboak urdailean degradatzen dira. Aldiz, produktu findua askoz bide zuzenagoetatik (erreta, esnifatuta edo injektatuta) heltzen da odolera eta, beraz, askoz eragin handiagoa du.

Laborategitik ateratako diseinuko drogak

Diseinuko drogak laborategietako produktuak dira eta, jakina denez, landareetatik abiatuta baino, legezko merkataritzan aurki daitezkeen substantzia kimikoetatik abiatuta lortzen dira. Horien helburua ohiko drogek sorrarazten duten efektu psikoaktibo bera edo antzekoa eragitea da. Lortu nahi den efektua adina droga sor daiteke: lasaigarriak, bizigarriak edo pertzepzio- zein kontzientzia-asaldadurak eragiten dituztenak.

Droga sintetikoak, nahiz azken urteetan horien kontsumoa ikaragarri emendatu den, ez dira produktu berriak. Lehenak 1960ko hamarkadan atera ziren anfetaminak dira. Gaur egun, ezagunenak hiru talde nagusitan banatzen dira: anfetaminen deribatuak, opio sintetikoak eta PCP deritzon drogaren deribatuak.

Lehen taldeko drogak dira gehien kontsumitzen direnak, besteak beste, estasia eta speed-a.

Estasia MDMA duten pastilla edo kapsulak dira. MDMA anfetaminaren deribatu kimikoa da, eta lehen aldiz Merck konpainia farmazeutikoak lortu zuen 1912an. Bi urte geroago patentatu zuten, eta Bigarren Mundu Gerran militarren eta zibilen errendimendu-maila handitzeko erabili zen. Gerora, gosea kentzen duenez, gorputz lirainak edukitzeko botika gisa erabilgarria izan zitekeela pentsatu zuten, baina emaitza onik lortzen ez zelako eta albo-ondorio handiak zituelako, erabat baztertu zen.

Droga psikoaktibo bezala 1960ko hamarkadan erabili zen lehen aldiz Estatu Batuetan, baina 1990 hamarkadan hedatu da gehien. Espainiar estatuko Drogen Plan Nazionalaren arabera, estasitzat saltzen diren pastillen edo kapsulen % 20k ez du MDMA edo anfetaminaren pareko beste deribaturik. Horren ordez, kafeinaz edo antibiotikoz eginak omen dira.

Speed-a ere metaanfetamina bat da, mende-hasieran aurkitu zuten, eta bere forma kristalizatua da ICE (edo izotza) izenarekin ezagutzen dena. Kokaina baino efektu bizigarriagoa duenez eta, gainera, askoz ere merkeagoa denez, gehien kontsumitzen den drogetako bat da.

Aipatutako bi anfetamina-deribatu horiez gain, nahikoa da metil-taldea beste elementu kimiko batez ordezkatzea (adibidez, bromoa) droga berriak sortzeko. ‘Adan’, ‘Eva’ eta ‘Barbies’ bezalako drogak horrela sortuak dira. Droga horien berrikuntza nagusia anfetaminaren eragin bizigarriari meskalinaren efektu haluzinagarria gehitzea da.

Opio sintetikoek morfinaren eta heroinaren antzeko eraginak dituzte, baina, dirudienez, indartsuagoak dira. Efektua oso laster egiten dute, baina denbora gutxiago irauten dute. Gainera, opio naturalek baino segurtasun-maila askoz baxuagoa eskaintzen dute. Gaindosiz eragindako heriotza-kopurua ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.

PCP (fenilziklidina) drogak ez du aurrekoak adinako arrakastarik izan, baina, hala ere, PCPtik abiatutako forma eta kolore guztietako 30 droga baino gehiago ezagutzen dira. PCPa 1950eko hamarkadan hasi ziren erabiltzen anestesiko moduan, baina 1965ean gaixoak aztoratuta eta haluzinazioekin esnatzen zirela ohartu ziren, eta utzi egin zioten substantzia hori erabiltzeari. Gaur egun, normalean, inhalatu, beste belar batzuekin nahasita erre edo jan egiten da.

Azido sulfurikoa drogetan

Diseinuko droga gehienen osagaia da azido sulfurikoa. Azido sulfurikoa kolorerik gabeko likido likatsua da. Urean disolbatzen da, baina urarekin kontaktuan sortzen den erreakzioak berotasun handia kanporatzen du, eta kontu handiarekin erabili ezean, nahasketa egitean urak irakin eta proiekzioak gerta daitezke.

Industrian, azido sulfurikoa oxidatzaile gisa eta hainbat materialetatik ura kentzeko erabiltzen da, besteak beste paperetik. Hortaz, azido sulfurikodun diseinuko drogak kontsumitzen dituenarengan ere deshidratazioa eragiten du.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia