}

Down sindromearen azalpena, uste baino konplexuagoa

2005/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ustez, Down sindromea gene-talde txiki batek eragiten du. Down sindromea duten gehien-gehienek hiru kromosoma 21 dituzte bi beharrean, eta gene-talde hori errepikatuta azaltzen da sindromea dutenetan. Horregatik, duela 30 urtetik hona uste izan da gene-talde horrek eragiten duela sindromea.

Alabaina, uste hori hankaz gora jarri du Science zientzia-aldizkariak argitaratutako ikerketa batek. Ikerketa saguekin egin dute, baina badirudi emaitzek gizakientzat ere balio dutela. Ikerketaren arabera, gene-talde hori hiru kromosometan errepikatuta izatea ez da nahikoa sindromea eragiteko.

Hala, sindromearen eragilea hori baino konplexuagoa dela ondorioztatu dute ikertzaileek; hain zuzen, geneen arteko elkarrekintzaren ondorio izan daitekeela uste dute. Beraz, gene eragileak banan-banan bilatu beharrean, sistema osoari begiratu behar zaiolakoan daude.

Beste ondorio bat ere atera dute ikertzaileek: Down sindromearen kasuan, ez dirudi gene-terapia irtenbide erraza izango denik, ez baita gene bakar bat `isilaraztea´ bezain sinplea izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia