Doping-a: arazo mediko edo legala
1996/02/01 Irazusta, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun kirolak garrantzi handia hartu du eta azken urteotan, gehienon artean hedatu da metabolismoa areagotzeko modu hau. Adituek osasun fisiko eta psikikoarentzat ona dela diotenez, kirol-zapatilak jantzi eta edozer egiteko prest agertzen gara.
Halere, gaur jorratuko dudan gaiak ez du zerikusirik, nagusiki bederen, kirol-mota horrekin (nahiz eta, batek nahi dituen baino kasu gehiago ikusi), kirola lanbidetzat dutenekin baizik. Horientzat, goi-mailako kirolarien artean dagoen berdintasuna dela eta, legez kanpo jokatzeak emaitza hobeak ekar dezake. Dena dela, arazo hau ez da gaur goizekoa, erromatarrek ere lasterketetan erabiltzen zituzten zaldiei, beren errendimendua hobetzeko, substantziak ematen baitzizkieten.
Gobernuek, enpresek eta guk geuk ere, emaitzak eskatzen dizkiegu goi-mailako kirolariei parte hartzen duten bakoitzean eta egunen batean kale eginez gero, berdin da zaurituta edo lesionatuta egon, lehen goraipatzen genituenak ahaztu egiten ditugu. Ondorioz, puntako kirolariek laguntza farmakologikoen bila jotzen dute sarritan. Laguntza horiek legeztatuak, legez kanpokoak edo erdibidekoak izan daitezke.
Aurrera egin aurretik, beharrezkoa deritzot doping-a definitzeari. Substantzia (edo metododo) bat doping-tzat hartzen da baldin eta:
- Gizakiarentzat substantzia arrotza edo ez-ohizkoa den eran edo dosian emana izan bada,
- errendimenduan behin-behineko hobekuntza eragiten badu eta
- osasunarentzat kaltegarria bada.
Azken baldintza da, nire ustez, gora-behera gehien dakarrena debekatuta dauden substantzien zerrenda osatzerakoan. Benetan zaila baita zehaztea zer den kaltegarria, epe luzera begiratu nahi bada batez ere. Substantzia askoren ondorioak ezezagunak zaizkigu, ez baita horiei buruzko azterketa sakonik egin eta gainera, egin diren ikerketa askok datu kontrajarriak eman dituzte.
Aipagarria da bestalde, goi-mailako kirola ezin dugula osasuntsutzat hartu. Hau da, entrenamenduak ere doping-aren hiru baldintzak beteko lituzke askotan. Arazoa korapilatu egin da, arestian atera diren aminoazido nahasteen, Ginseng-dun farmakoen eta kreatina edo karnitinaren antzeko substantzien erabilera zabaldu denetik. Horiek ez dira debekatutako substantzien artean agertzen eta argi dago lehenengo bi baldintzak bete betetzen dituztela, baina ez da kaltegarriak diren ala ez jakiteko azterketa sendorik egin.
Gauzak horrela, zaletuen eta agintarien morala maiz bikoitza izaten da. Batetik, emaitzak eskatzen dituzte edo ditugu eta bestetik, edozein pertsonak gaitzei aurre egiteko erabiltzen dituen metodoak kirolari batek erabiltzen baditu, iruzur egin duela esan eta zigortu egiten dituzte. Bestalde gogoratu behar da, geu ere, bizitzan alaiago, lasaiago edo esnatuago ibiltzeko, maiz drogatu egiten garela kafea, kitzikatzaileak, alkohola, etab, hartuz.
Esandako guztiarekin ordea, ez nuke doping-kontrolak kentzearen aldekoa naizenik ulertzerik nahi. Laguntza farmakologikoak erabiltzea onartuz gero, medikuen kontrolpean eman beharko liratekeela uste baitut. Gainerakoan, beste muturreraino jo daiteke eta kirolariak txapelketa irabazi asmoz, edozein medizina har zezakeen bat-bateko heriotza kontutan hartu gabe. Muga horretaraino ez iristeko bitartekoa da doping-kontrola. Galarazitako substantzien zerrendan egoteak legez kanpo dagoela esan nahi du eta zenbaitetan ez du medikuntzan duen balorazioarekin zerikusirik. Adibidez, gripea sendatzeko erabiltzen diren hainbat farmako doping-kontrolean positibo emango lukete. Horregatik, maiz doping-a lege-arazotzat har dezakegu eta ez arazo biomedikotzat.
Galarazitako substantzien zerrenda hobetu egin da azken urteotan, zenbait kasutan dosi terapeutikoak baimenduz. Hurrengo urteetan kirol-medikuen artean sakonki eztabaidatu beharko litzateke galarazitako substantzien zerrenda eta medikuen kontrolpean ematen diren zenbait farmakok tratamendu berezia izan beharko, lukete.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia