}

Donostia eta Hondarribia arteko kostaren itsas dinamika aztertu du AZTIk

2002/10/21 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

2000 eta 2001. urteetan Donostia eta Hondarribia arteko itsaslasterrak aztertu dituzte AZTIko langileek. Ikerketa horiei esker, hobeto ulertu da itsaslasterrak urtaroen arabera nola aldatzen diren, eta itsaslaster horien zirkulazio-patroiek poluzio-prozesuetan zein eragin duten. Gainera, datu egokiak lortu dituzte simulazioak egiteko erremintak kalibratu ahal izateko.

Kostako itsas dinamika ezagutzea baliagarria da, besteak beste, gizakiak egiten dituen isurketak nola hedatuko diren jakiteko. Itsaslasterren higidurak baldintzatzen du kostaldean isuritako poluitzaileak norantz eta nola hedatuko diren. Eta, hain justu, gizakiak egindako presioa oso handia da AZTIk aztertu duen kosta-zatian.

2000 eta 2001 urteetan Donostia eta Hondarribia arteko kostaldearen azterketa hidrodinamikoa eta ozeanografikoa egin du AZTIk, baina Baionara artekoa egitea dute helburu. Proiektua amaitutakoan, Donostia eta Baiona arteko itsaslasterren mugimenduak eta poluzio-prozesuak hobeto ulertu eta aurreikusi ahal izateko tresnak izan nahi dituzte esku artean.

Itsaslasterrak urtaroen arabera

Itsaslasterren inguruko datuak 25-100 metroko sakoneran ipinitako neurgailuekin bildu dituzte, 2000, 2001 eta 2002ko lehen hilabeteetan. Bi ekipo jarri zituzten, bata Donostia parean eta bestea Higer lurmuturrean, eta aukeratutako gune bakoitzean hiru aingura-ekipamendu jaurti zituzten, 25, 50 eta 100 metroko sakoneran.

Neurketa horiez gain, kanpaina hidrografikoak egin eta sedimentuen laginak bildu dituzte Donostia eta Hondarribia artean.

Jasotako datu guztiekin, kosta-zati horretako itsaslasterrak urtaroen arabera nola aldatzen diren jakin du AZTIk. Udazkenean eta neguan, esaterako, haizeak nagusiki hego-mendebaldetik jotzen du eta sortzen diren itsaslasterrek ekialderanzko eta iparreranzko deriba eragiten dute. Udaberrian, aldiz, haizeak ipar-ipar-mendebaldetik jotzen du. Orduan, itsaslasterrek hegoalderantz jotzen dute Frantziako kostan eta, mendebalderantz eta hego-mendebalerantz, berriz, espainolean. Udako egoera udaberrikoaren antzekoa dela ikusi dute ikertzaileek, baina itsaslasterren norabide nagusia zein den ezin izan dute zehaztu, garai horretako haizea ahula eta aldakorra delako.

Modelizazioa

Lan horretan jasotako datuak itsaslasterrak simulatzen dituen zenbakizko eredu informatiko batekin analizatu dira eta, itsaslasterren aldakortasunaz gain, beste hainbat fenomeno aztertu ahal izan dira; adibidez, itsaslasterren zirkulazioak arrainen arrautza eta larben zein algen banaketan nola eragiten duen; edo, hasieran esan bezala, itsasora botatako poluitzaileak nola hedatzen diren.

Bestalde, aplikazio berezi bat garatu dute hondora joateko gaitasuna duten substantzia pasiboen isurketak simulatzeko, baina flotatzaileekin ere erabil daitekeena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia