}

Dolly, klonazioaren ikurrak hamar urte

2007/03/25 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hamar urte dira Dolly arkumea gizarteari aurkeztu ziotela. Lehenengo aldia zen ugaztun heldu bat arrakastaz klonatzen zutena; eta ikaragarrizko oihartzuna izan zuen; ez bakarrik adituen artean, kaleko jendearen artean ere ahoz aho ibili zen. Izan ere, ardia bezala gizakia bera ere klonatzea posible zela uste zuten. Baina zilegi al zen giza klonazioa? Bada, hamarkada baten ondoren oraindik erantzunik gabe jarraitzen dugu, baina, egia esan, hasierako beldurrak gaindituta, eztabaida etikoa beste bide batetik doa orain.

Dolly eta haren aita , Roslin Institutuko Ian Wilmut ikertzailea.

Atzera begira jarrita, Dolly 1996ko uztailean jaio zen Eskoziako Roslin Institutuan, baina 1997ko otsailaren 27ra arte ez zuten eman haren berri: Nature aldizkarian argitaratu zuten albistea, eta azalean Dolly arkumearen irudia agertu zen. Berri hark sortu zuen zalaparta itzela izan zen. Izan ere, ugaztun heldu baten zeluletatik abiatuta klonazioa arrakastaz burutzen zen lehenengo aldia zen. Horrela jarraituz gero giza klonazioa egun batetik bestera lor zitekeela pentsatu zuen askok, eta, horren kezkaz, aurkako legeak idatzi zituzten herrialde gehienek.

Iruzurrak ere tartean

Hwang Woo-Suk ikertzaile korearrak gizakia klonatu zuela esan zuen, baina gezurra zen, eta zalaparta ugari sortu zuen iruzur hark.
www.wdr5.de

Antza, giza klonazioaren arriskua ez zen hainbesterako, ordea. Hamar urte geroago, oraindik ez dute lortu gizakia klonatzerik, dakigula behintzat. Ahaleginak izan dira, eta duela gutxi giza enbrioia klonatzea lortu zutela esan zuten, baina garatzen utzi gabe. Hala ere, hedabideetan istiluak izan dira kontu horrekin; izan ere, batek baino gehiagok aldarrikatu du gizakia klonatu izana. Raeldarren sektak hala egin zuen; eta sonatua izan zen baita ere Hwang Woo-Suk korearraren kasua ere.

Hwang Woo-Suk ospe handiko ikertzailea zen. Besteak beste txakur bat klonatzea lortu zuen (Snuppy), eta gizakia klonatzearen meritua ere berea zela esan zuen. Science aldizkariak berria argitaratu zuen, baina zalantza handiak sortu zituen adituen artean. Korearraren lana aztertu, eta iruzurra zela ikusi zuten. Kontu hark luzerako hizketarako gaia eman zuen.

Noski, urte hauetan puri-purian egon da giza klonazioaren gaia . Hasieran, zientzia-fikzioa zena gauzatzeko beldur agertu zen jendea: klonez osatutako armadak imajinatu zituzten batzuek, egolatra eta handiustekoen betiko bizitzarako giltza besteek. Baina denborarekin garbi ikusi da klonazioak ezer gutxi duela ikusteko zientzia-fikzioarekin.

Dollyren ondoren beste ardi batzuk ere klonatu dituzte arrakastaz Eskoziako Roslin Institutuan.

Klonak ez dira klonatutako izakiaren berdin-berdinak. Genetikoki berdinak dira; baina, enbrioiaren garapenetik hasita, inguruneak eragin handia dauka izaki guztietan, eta, ondorioz, nahiz eta genetikoki berdinak izan, ez daude bi izaki berdin.

Orain, 10 urte geroago

Dena dela, eta eztabaidak eztabaida eta beldurrak beldur, giza klonazioa debekatuta dago. Batzuek uste zuten haurrak izateko arazoak dituen jendeak klonazioa eskatuko zuela ugalketarako irtenbide gisa, baina ez da hala gertatu, ezta gutxiago ere. Hori bai, ikerketan klonazio terapeutikoa baimendua dago herri askotan. Gaixotasunak sendatzeko helburuarekin egindako klonazioa da hori, eta azken batean, Dolly klonatzeko erabili zuten teknika bera erabiltzen da, baina giza enbrioiekin zelula amak lortzeko. Beraz, klonazioa guztiz debekatua ere ez dago.

Horregatik, gaur egun eztabaida etiko nagusia ez da giza klonazioa bai ala ez. Auzia ez da argitu, baina eztabaidak eboluzionatu egin du, eta ahoz aho dabiltzan auziak klonazio terapeutikoa rena eta zelula amena dira.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia