DNAren begiztak gako dira geneen erregulazioan
2014/12/15 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
DNAren 3Dko mapa osatzea lortu dute Estatu Batuetako hainbat unibertsitate eta zentrotako ikertzaile batzuek, eta berretsi dute DNAk osatzen dituen begiztak gako direla geneen erregulazioan. DNAk zelula barruan begiztak osatzen zituela eta begizta horiek oso garrantzitsuak izan zitezkeela aspalditik zekiten zientzialariek, baina egitura horiek ikertzea ezinezkoa izan da orain arte. Bost urtez aritu dira aztertzen nola tolesten den bi metroko genoma zelularen nukleo barruan, eta orain argitaratu dituzte emaitzak Cell aldizkarian.
DNAk 10.000 begizta inguru osatzen dituela ikusi dute. Eta harrituta gelditu dira, gutxi direlako. Adierazi dutenez, genoma sekuentziatu zenean geneen kopuruarekin hartutakoaren antzekoa izan da sorpresa, orduan ere askoz gene gehiago espero baitziren. Baina, gutxi izateak ez du haien garrantzi txikitzen; izan ere, ikusi dute begizta askotan gene bat dagoela muturrean, eta gene hori aktibatu egiten dela begizta osatzen denean.
Geneen erregulazioa ikertzean, askotan aztertu izan dira genearen inguruan dauden DNAko eskualdeak. Baina, DNA tolesten denean, berez urrun dauden eskualdeak gertu gera daitezke. Hain zuzen ere begiztaren beste muturrean, berez genetik oso urrun, geneen pizgailuak daude. Hala, zabor-DNA deitu izan zaion horretan ezkutatuta zeuden milaka pizgailu berri aurkitu ahal izan dituzte ikerketa berri honetan.
Gainera, ikertzaileek ondorioztatu dute begiztak eginez eta deseginez DNAk osa ditzakeen tolesturak ia mugagabeak direla, eta hori baliatzen dutela zelula desberdinek genoma berarekin gauza desberdinak egiteko. Begiztak nola eta non sortzen diren zehazten duten arau orokor batzuk ere atera ahal izan dituzte: begizta gehienek 2 milioi base edo letra baino gutxiago dituzte; normalean ez dira gainjartzen; eta, ia beti, CTCF proteinaren bidez lotzen dira.
Bestalde, ikusi dute begizta handienak emakumeetan egiten direla, inaktibo dagoen X kromosoman. Gainerakoak baino 30 aldiz handiagoak dira begizta horiek. Eta gizakietan osatzen diren begiztatako asko saguetan ere osatzen direla ere ikusi dute.